Dena prest IV. Laba Gravel proba bihar goizean goiz abiatu dadin

aiurri 2025ko mai. 30a, 22:10

Bihar goizean abiatuko dira IV. Laba-Gravelen, hiru probetan parte hartuko duten 150 txirrindulariek. Basteron egin zaie harrera; hiru ibilbideen gaineko xehetasunak azaldu zaizkie eta biharko mailota hartu ahal izan dute. Herriko 25 boluntarioek osatzen dute antolakuntza.

150 txirrindulari dira guztira. Beren jatorriari erreparatuz gero, 116 euskal herritarrak dira (80 gipuzkoar), eta Errioxatik, Ingalaterratik, Kataluniatik, Galiziatik, Madrildik, Errioxatik, Aragoitik eta Frantziatik datoz gainerakoak.

Hiru modalitateetan banatzen da “naturaz, bakardadeaz eta landa bideen edertasunaz gozatzeko” egokia den Laba Gravel proba:

* Laba-270 km (5.500 metroko desnibela). Goizeko 05:00etan irteera.

* Laba-170 km (3.000 metroko desnibela). 08:00etan irteera.

* Laba-110 km (1.400 metroko desnibela). 10:00etan irteera.

Guztiak ere Zumea plazatik abiatu, eta Leitzaran bailaran murgilduko dira. Hortik Aurrera, Nafarroako hainbat bailara eta baso zeharkatuko dituzte. Zumea plazan jarri duten karpan daukate helmuga zain.

Zeharkatzen dituen paraje zoragarriak batetik, eta bestetik antolakuntza bikaina kontuan hartuta, proba gero eta ezagunagoa da Gravel zaleen artean. Hori dela eta, aurten 80 zale parte hartu ezinik geratu dira.

Izan ere, orain arteko formatuari eutsi nahi diote, ez dute nahi gehiago hazi kopuruz. Gravelzaletasuna sustatzea da antolatzaileen filosofia nagusia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!