Musikari gazteak, Euskadiko Orkestran

Xabier Lasa 2025ko eka. 7a, 10:00

Aiala Irulegi, Maddi Azpiroz eta Lier Sarasola, Euskadiko Orkestrarekin EAEko hiru hiriburuetan jo ostean. Aiurri

Lier Sarasola, Aiala Irulegi eta Maddi Azpiroz musikari gazteek Euskadiko Orkestra profesionalarekin hiru kontzertu eman dituzte berriki. Oso esperientzia aberasgarria egin zaiela, eta beren burua ezagutzeko baliagarria izan zaiela aitortu du hirukoteak.

Lier Sarasola Fernandez (perkusioa), Aiala Irulegi Mungia (flauta) eta Maddi Azpiroz Roca (kontrabaxua) Andoaingo musikari gazteak Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) jotzeko aukeratuak izan ziren otsailean, hautaketa prozesuko entzunaldietan maila bikaina erakutsi eta gero. Azken batean, EIO musika kontserbatorio eta eskoletako 15 eta 19 urte bitarteko ikasleek osatzen dute.

Hautatuak izan zirenez, Euskadiko Orkestrarekin batera EAEko hiru hiriburuetan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian kontzertu banatan parte hartu ahal izateko aukera, edo oparia, eduki dute berriki.

Lier Sarasola Fernandez (perkusioa), Aiala Irulegi Mungia (flauta) eta Maddi Azpiroz Roca (kontrabaxua)

Hautaketa prozesu bikoitza

Andoainen, Susana Cencilloren Soinuak Musika Eskolan edo Udal Musika Eskolan musikarekin lotutako lehen urratsak egin ostean, Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorioan jarraitzen dituzte musika ikasketak.

Hain zuzen, eskola horretako irakasleen oniritzia gainditu behar izan zuten lehenbizi, EIOko ateak jo aurretik. “Gauza bat zuk nahi izatea da, eta bestea, horretarako gaitasuna ba ote duzun; zure irakaslea da egokiena jakinarazteko denbora galtzen ari zaren ala ez”, Sarasolak ondo zehaztu duen eran. Irakasleen baiezkoa jaso zuten hiruek, eta inskripzioa egin ostean, prestakuntza gogorrari ekin zioten, otsaileko hautaketa prozesura ahalik eta prestatuen aurkezteko. Nork bere bidea egin du prestaketan, irakasleen laguntzarekin. Esate batera, Sarasolak, hilabete eta erdiz helburu horretara jarri zen buru-belarri, gainerakoak bigarren mailan jarrita, “perfekto joateko hautaketara”. Aiala Irulegik klase partikularrak jaso zituen Euskadiko Orkestrako flauta-jole batekin. Maddi Azpirozek, berriz, asteburuak eskaintzen zizkion prestaketari: “abestien interpretazioekin bideo-grabazioak egin, eta irakasleari bidaltzen nizkion berak zuzenketak egin ziezazkidan”.

Merezi izan duen abentura 

Euskadiko Ikasleen Orkestraren eta Euskaldiko Orkestraren eskutik zenbait hilabeteetan luzatu zaien abentura igarota, onartu dute nekagarria bezain aberasgarria egin zaiela abentura. “Merezi izan du sakrifizioak, gozatu egin baitugu”, adierazi du Azpirozek.

Atzera begira jartzeko, eta behin EIOko kide izatea lortuta, Euskadiko Orkestrarekin hiru kontzertutan parte hartzeko eskubidea irabazi zutenez geroztikakoak azaltzeko eskatu diegu.

Hiru emanaldi horietan musikari profesionalekin orpoz-orpo eta publiko aurrean, presiorik ez ote zuten sentitu galdetuz gero, hasieran baietz, baino berehala uxatu zitzaizkiela dardarak aitortu dute hiruek ere, aho batez. “Zalantzarik ez dago maila gorenean daudela Orkestrako kideak, baina horrek ez zuen eragotzi harrera ona egin ziezaguten; enpatia pixka bat sentitu zuten gurekin, eta gertutasuna erakutsi ziguten, aholkuak emateko prest agertu zitzaizkigun, zer egin eta zer ez soinu dotorea lortzeko; horrek asko erraztu zigun dena”.

EIOko zuzendari Unai Urretxok eman zizkien aholkuen artean, bat nabarmendu dute: “teknikoki ez zaitezte saiatu profesionalen pare jotzen edo horien harridura eragiten; ez duzue lortuko, profesional ikaragarri onak baitira. Zuek saiatu ahal duzuen onena egiten, eta gozatu”.

Gauzak horrela, hiritik hirira, kontzertutik kontzertura gero eta aisago moldatzen joan ziren. Hain zuzen, Kursaalean egindako hirugarrengo saioan gozatu zutela gehien onartu dute. Are gehiago, “azkenerako, motz geratu zitzaigun esperientzia. Guregatik balitz, segi ahal izango genuen jotzen”, adierazi du Azpirozek hiru emanaldien oroitzapenak eragindako poza aurpegitik kendu ezinik kasik.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 672 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!