Federiko Bakaleinik eta Aureliano Rey bigarren geratu ziren Urrezko Parrilla lehiaketan

Aiurri 2025ko eka. 4a, 11:27

Aureliano Rey eta Federiko Bakaleinik sukaldari andoaindarrek txuleta-prestatzaile trebeak direla erakutsi zuten, joan den asteburuan Donostian Reale Arenan ospatu zen Txuleta Festan. Bigarren geratu baitziren, Txuleta Parrilla lehiaketa herrikoian.

Gastronomia, kultura eta kirola batzen dituen Txuleta Festa ospatu zuten maiatzaren 29tik ekainaren 1era bitarte, Donostiako Anoeta estadioan, Okelan txuleta enpresak antolatuta.

Igandean izan zen ekitaldiko egun handia, eta bertan, txuletagileen lehiaketa herrikoian eskuratu zuten bigarren postua Aureliano Rey eta Federiko Bakalenik andoaindarrek.

Hain zuzen, bikoteak, antolatzaileen hitzetan “umore ona, txingarra eta txuletarekiko grina” kontuan hartzen dituen lehiaketa herrikoian hartu zuen parte, Extrem-Argentinos izenarekin.

Jai egunari jarraipena emateko, arratsaldean Andoni Izeta, Inaxio Perurena, Lierni Osa, Paulo Azpiazu eta Oihana Fernandezek herri kirolen erakustaldia egin zuten. Eta amaieran, Kalakan taldeak musika kontzertua eman zuen, eta DJ Set Mario Azurzak dantzan jarri zituen Reale Arenan bildutakoak.

Argazkiak: Nuria Ribes.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!