“Ekainak 5a izan da Andoainen mediku gisa jardun dudan azken eguna. Sei urtez zuetako batzuen mediku izan naiz, eta beste hainbat ere artatu izan zaituztet urgentziak edota zuen medikuen ausentziak medio. Onartu behar dizuet ez direla urte errazak izan, pandemiak eta bere eraginak eta osasun sistemak (ez bakarrik gureak) dituen profesional gabeziak eragin zuzena izan dute.
Agur esateko unea heldu da. Iritsi nintzenean banekien ez zela betirako izango, baina agurra uste baino azkarragoa eta bapatekoagoa izan da. Zuetako askori, gehienei, banaka agur esateko aukerarik gabe noa eta batez ere horretarako baliatu nahi ditut lerro hauek.
Eskerrik asko urte hauetan zuekin egon eta zuenean egoten uzteagatik. Barkaidazue agian nire erantzunak zuek esperotakoarekin bat etorri ez direnean, zuen osasunaren alde jokatuz aritu naiz, eta akatsik egin badut ere ez dut asmo txarrez egin.
Benetan eskertuta noa zuen herritik”.