Hain zuzen, pala motzean, Koldo Poncek eta Ibon Altunak 40-37 irabazi zuten neurketa, eta paleta larruz, berriz, Ibai Iradi eta Iñaki Lopez de Munain 35-26 nagusitu ziren.
Andoaingo zaletu ugari bildu zen Ordiziako Beti Alai pilotalekuan herriko pilotariei animoak emateko asmoz, eta ez zena nolanahikoa izan Ordizian egin zuten garaipen-ospakizuna; bigarren partidua amaitu bezain pronto guztiek ere pilotariekin atera zuten familia-argazkia da horren lekuko.
Gomazko paletan, final erdietarako sailkatuta
Ordiziako txapelketa ez da izan Gaztelekuko palistek Gipuzkoako Herriarteko txapelketetan lortu duten garaipen bakarra azken egunetan. Ostiralean, gomazko paletan final erdiak jokatzeko txartela lortu zuten, Donostiaren aurkako neurketa gaindituta.
Hiru partiduak galdu egin zituzten, baina tantoetara aurretik geratu ziren; izan ere, aurreko astean Andoainen jokatutako joaneko neurketetan, hiru partiduak irabaziak baitzituzten.
Horrela, Donostian itzulerakoan, honako emaitzak lortu zituzten andoaindarrek, banaka frontoi osoan, Josu Etxeberriak 17-20; binaka, frontoi osoan, Xabat Amilibiak eta Jon Jauregik, 5-20; eta, zazpi barruan, Mikel Arberasek 7-20.
Azken kontaketa eginda, hona emaitza: bi taldeek ere hiru partidu irabaziak, baina Andoain 89 tanturekin eta Donostia 82rekin. Final erdiko joaneko norgehiagoka Debaren aurka jokatuko dute, datorren asteburuan, Arrate pilotalekuan.
Aurreko astean, Andoain Donostiaren aurka ordezkatu zuten palistak.