Udalak, ikastetxeek eta kirol taldeek multikirolaren aldeko adierazpena plazaratu dute

Aiurri 2025ko eka. 10a, 15:09

Andoaingo ikastetxeek, kirol taldeek eta Udalak Eskola Kiroleko multikirola egitarauaren aldeko adierazpena plazaratu dute gaur eguerdian. Hainbat arrazoi azaldu dituzte, 1990an hamarkadaz geroztik indarrean izan den multikirolaren arauaren alde egoteko. Gogoan izan behar da, berriki, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela arau hori.

Adierazpena aurkezteko egindako agerraldian, hainbat ordezkari bildu dira.

Udala ordezkatuz, Andoni Alvarez alkatea eta Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos).

Eskola Kirola programan parte hartzen duten hiru ikastetxetako ordezkariak ere etorri dira. Ondarreta Herri Eskolatik, Maite Petrikorena (zuzendaria) eta Zuhaitz Elejalde (gorputz hezkuntzako irakaslea); La Salle Berrozpe: David Urtasun (zuzendaria) eta Lorena Vicente (kirol koordinatzailea); eta, Ikastola Aita Larramendi: Aitor Iriondo (zuzendaria) eta Ander Setien (kirol koordinatzailea).

Kirol taldeei dagokionez, berriz, honakoak bertaratu dira: Euskalduna futbol klubeko Saioa Telletxea; Andoaingo Txirrindulari Eskoleko Aitor Amutxastegi; Ganbara Saskibaloi taldeko Iñaki Gonzalo; Oskarbi Erritmika Klubeko Kristina Galdos eta Maialen Arano; Kabutoken Kenpo Kaiko Txaro Sanchez; Leizaran eskubaloiko Eva Gutierrez, eta, Zumeatarra Atletismo Elkarteko Jon Imaz.

Allurralde kiroldegiko Ixiar Olano kirol teknikaria ere bertan izan zen.

Agerraldian parte hartu ezin izan zuten arren, adierazpenari atxikimendua eman diote Ontza elkarteak eta Gazteleku Pilota Eskolak ere.

 

Multikirolaren aldeko adierazpena:

“Orain arte, kirol elkarte bateko eskola batean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa zen Multikirolaren eskaintzan parte hartzea, baina, orain, derrigortasun hori bertan behera geratu da eta Eskola Kirolaren programak egoera berria sortu du. Horren aurrean, ikastetxeek, kirol elkarteek eta Andoaingo Udalak herritarrei jakinarazi nahi diete irmo babesten dutela ikastetxeetan eskaintzen den kirolaniztasun eredua.

Lerrokatze hori eragin duten arrazoi nagusiak honako hauek dira:.

- Multikirolari esker, haurrek, beren trebetasun handiak edo txikiak, edozein direla ere, askotariko mugimen-trebetasunak lor ditzakete, gaitasunak ikas ditzakete,balio positiboak sustatu, mugimenduan zoriontsu jolastu eta hazi, eta bizitza fisiko aktiboa eta osasungarria izan dezakete..

- Ebidentzia zientifikoak frogatu du kirol aniztasunak saihestu egiten dituela espezializazio goiztiarrari lotutako arazoak, batez ere kirola egiteari goizago uzten diotenen kopuruak eta lesio-arrisku handiagoa..

- Multikirola hamarkadetan sustatu ondoren, monitorizatu diren emaitzen analisiak indartu eta bermatu egiten ditu hastapeneko kirol anitzen praktika, eliteko kirolari dagokionez:

- 15 eta 40 urte bitartean, 100.000 biztanleko, goi-mailakotzat aitortutako kirolarien ranking nazionaleko lehen sailkatua da Gipuzkoa (EJ2024).

- EAEko etorkizuneko kirolarien %70 gipuzkoarrak dira (EJ2024).

- Gipuzkoak 2,3 atleta ematen dizkie Olinpiar Jokoei 100.000 biztanleko, eta estatu osoak 0,76 (GFA2025). Lerro hauen bidez, dei egiten zaie familiei beren seme-alabak Multikirola egitarauan orain arte bezala parte hartzera motiba ditzaten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!