Amaitzen ari den astearen hasieran, Afrikako aire-masaren ondorioz, airean garraiatzen diren partikulen kontzentrazioa nabarmen handitu zen. Bereziki kostan gertatuko zela adierazi zuten baina, esaterako, Andoainen eta Beasainen ere partikula horiek airearen kalitatea nabarmen okertu zuten. Eragin handiko hedabideek sustatuta, alerta piztu zen herrikide askoren artean. Baina horrelakoetan gertatu ohi denez, olatu mediatikoa aldentzearekin batera, bazterrean geratu dira 48 orduz bolo-bolo ibilitako kontuak.
Airearen kalitatea, ordea, ez da onena Andoainen. Are gehiago, Euskadi.eus webguneko datuak aztertzen hasita, Euskadiko okerrenak dira. Apirilean eman genuen albistea eta arrabotsa sortu zen. Egun gutxira, apirileko egun haietan arazo teknikoak sortu zirela argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Eta halaxe argitaratu genuen Aiurrin. Geroztik, gaiari jarraipena eman diogu eta bada konstante bat airearen kalitatearen emaitzei erreparatuta: urte osoan, Andoaingo neurgailuak datu okerrenak ematen ditu PM 2.5 parametroan.
PM2.5 delakoa airearen kalitate txarraren sortzaileetakoa da
Arazo gehien eragiten dituen kutsatzaileetako bat material partikulatua da. Partikula esekiak dira (gaztelaniaz, partículas en suspensión) eta bi aldaera hartzen dira aintzat:
- PM10, 10 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.
- PM2.5, 2.5 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.
PM2.5 PARTIKULAK
Diametro oso txikikoak (2,5 mikra baino gutxiago) izatean, arnas aparatuan barrena erraz murgiltzen dira. Sudur-hodiak eta trakea zeharkatu, bronkio txikietara iritsi eta, azkenik, birika-albeoloetan pilatu daitezke. Bertatik, odol-zirkulazio sisteman sartzen dira. Esposizioa iraunkorra bada, ondorioak gorputz osoko organoetan nozitu daitezke: bihotz-hodietako gaixotasunak (hipertentsioa, bihotzekoa edo iktusa), biriketako arazo kronikoak (asma), eta baita gaitz larriak ere.
Ekainaren 10ean, beste hainbat egunetan bezalaxe, aldagai hori gorriz ageri zen Andoainen. Euskadi.eus webgunearen grafikoa, jarraian:
Andoainen, 48 odutan,
34,54ko batezbestekoa eman zuen astearen hasieran.
Iturria: Euskadi.eus
PM2.5ari buruzko OMSren jarraibideen eguneraketa (2021)
2021ean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME/OMS) airearen kalitateari buruzko gomendioak eguneratu zituen. Euren hitzetan, osasunerako arriskuei buruzko azken ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Horren ondorioz, partikula finen (PM2.5) esposiziorako muga zorrotzagoak ezarri ziren.
OMSren 2021eko gomendio berriak PM2.5arentzat:
- Urteko batez bestekoa: 5 µg/m³
- 24 orduko batez bestekoa: 15 µg/m³
Aurreko jarraibideekin (2005) alderaketa:
OMSren jarraibidea |
2005 |
2021 |
Urteko batez bestekoa |
10 µg/m³ |
5 µg/m³ |
24 orduko batez bestekoa |
25 µg/m³ |
15 µg/m³ |
Andoaingo batazbestekoa, Euskadi osoarekin alderatuta
Bi hilabeteotan airearen kalitatea nabarmen okertu da. Batazbesteko okerrena du Euskadi osoan.
2025 osorik hartuta
Ezkerrean hasita lehena, urdinez, Andoaingo erreferentzia da. Atzetik doazkio, datu txarren rankingean, Lezo eta Zumarraga:
2025ko maiatza
Ezkerrean hasita lehena, urdinez, Andoaingo erreferentzia da. Urte osokoaren batazbestekoa gainditu zen aurreko hilabetean. Atzetik doazkio, datu txarren rankingean, Lezo, Zumarraga eta Usurbil:
2025ko ekaina
Ezkerrean hasita lehena, urdinez, Andoaingo erreferentzia da. Urte osoko batazbestekoa are gehiago gainditu da, oro har. Eta, beste behin ere, Andoaingoa da lehena. Atzetik doazkio, datu txarren rankingean, Lezo, Erandio eta Mazarredo:
Honaino iritsita, galdera agerikoa da: Zergatik da Andoaingoa beti datu txarrena?
Hainbat egunez, OMSk zehaztutako batazbesteko onargarria gainditu da
PM2.5 aldagaian 15etik gorako egunak ez dira sintoma ona. Bada, Andoain herriak ematen du horretan ere Euskadiko datu okerrena. Are gehiago, 2020az geroztik izan ditugun PM2,5eko daturik altuenak azken hamabostaldian izan ditugu:
- Maiatzaren 30ean, iluntzeko 20:00tan, inoizko daturik altuena eman zen Andoainen: 84.
- Ekainaren 13an, iluntzeko 19:00tan, marka errekorra txiki geratu zen Andoainen: 94.
2025ean, airean doazen partikula esekietan, Andoainen 39 egunez gainditu da OMSk ezarritako muga onargarria. Gainerako udalerriak oso atzean daude:
Honaino iritsita, galdera agerikoa da: Zergatik da Andoaingoa beti datu txarrena? Zerk eraginda da? Izan ere, trafikoa eta industria gertu duten neurgailu gehiago dago Euskadin. Eskertzekoa litzateke erakundeek datu horien aurrean azalpenak ematea. Bereziki, herritarrei, eta propio galdera eginez harremanetan jarri diren kazetariei.
Andoain ordukako aldagai guztietan okerrena da
Euskadi.eus webgunean datuak orduka eta egunka sailkatuta ematen dira. Ezkerrean, gorriz, Andoaingo datuak. Neurgailua hamarnaka sailkatuz, 60tik gorako datua ez ohikoa da: oso gutxitan eman da oso datu altua baita. Andoainen, ordea, datu hori urte osoko 18 ordutan gainditu da. Estatistika horretan atzetik datozkion udalerriek behin bakarrik gainditu dute kopuru hori. Andoainen, aldiz, 18. Gainerako parametroetan ere alde handia dago Andoain eta gainerako udalerrien artean.
Zein da kirola ez egiteko gomendioaren atzean dagoen araudia?
Donostia.eus webgunean ohartarazpena, astearen hasieran: "Donostian partikula maila altuak espero dira ekainaren 10etik 11ra bitartean. Hori dela eta, aire zabalean esfortzu fisiko handiko jarduerarik ez egitea gomendatzen dugu". Bilboko Udalak, egun horietan, ohar beretsua argitara eman zuen.
Ohartarazpen horiek hiriburuetara mugatu behar dira soilik? Zein da irizpidea? Egoera paradoxikoak sortzen baitira. Adibide bat, argigarria oso: Leizotz aldeko pabiloitan asteroko saioa egiten ari ziren Andoaingo Txirrindulari Eskolako gaztetxoak. Donostian balira, Udalaren oharrari men eginez, bertan behera utziko lukete prestaketa-saioa. Andoainen, errealitatean, saio bat gehiago izan zen. Hori bai, hiriburuarekin alderatuta, airearen kalitatea nabarmen okerragoa zen Andoainen.
Datuon analisiak galdera asko sortzen ditu, bereziki, Andoaindik erreparatuta.