Edurne Ustaritz eta Andoni Etxezarreta izan ziren aurkezpena gidatu zuten plataformako kideak. Auzia testuinguruan jarri zuten, 2011n onartu zen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra hizpide hartuta. Andoaingo Udalaren araudi horrek garrantzi berezia du indarrean baitago oraindik eta, bertan adierazitakoaren arabera, Bordaberri-Sorabilla artean saihesbidea aukeratzat hartzen zen.
Grafikoekin eta datuekin osatu zituzten azalpenak eta, gainera, azken sasoi honetan landu diren hiru alternatiba posibleen planoak ikusgai jarri zituzten. Plataformako kideek kezkaz bizi dute Aldundiak “Laxoa” deritzon egitasmoa lizitaziora atera izana, euren ustez, trafikoari bideratutako irtenbide hutsa izango baita. Aitzitik, hiru alternatiba posibleen artean, saihesbide berriaren aukera egingarria dela defendatu zuten.
Errespetatu Andoain plataformako kideek adierazi zutenez, hurrengo asteetan, bilera-errondarekin aurrera jarraituko dute.