Ohar bidez eta agerraldirik egin gabe, bi urteotako balorazioa zabaldu du sare sozialen bitartez. Andoaingo PSE-EEk adierazi duenez, legegintzaldiaren azken bi urteetan EH Bilduren aldaketarako promesak, leloak eta esloganak "hutsik" eta "benetako edukirik gabe" daudela erakutsi dute.
Udal talde sozialistak aipatzen dituen adibideen artean daude 2023tik geldirik dauden kontratuak. Hots, Bastero Kulturgunearen kudeaketa, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta Anbrosia Olabide eguneko zentroko zerbitzua. Eta gastu publikoari dagokionez, "arduragabekeria" iruditzen zaie bi pabiloi industrial alokatu izana, indarrean zegoenari aldez aurretik uko egin gabe.
PSE-EEk EH Bilduren ordezko eredu bat defendatzen du, Andoaingo benetako eta premiazko beharrei erantzungo diena: "Oraingoa ez doa martxa onean. Andoainek lidergoa, seriotasuna eta erronka handiei aurre egingo dien talde konprometitua behar ditu. Sozialistok erakutsi dugu lehentasunak kudeatzeko eta ezagutzeko gaitasuna dugula, eta lanean jarraituko dugu Andoain bizitzeko, lan egiteko, gozatzeko eta elkarrekin bizitzeko leku hobea izan dadin. Kudeatzeko beste modu bat posible delako: Andoainek gehiago merezi du".