Andoainek Deba 2-1 menderatu du joanekoan bart, Gipuzkoako txapelketako final erdietan

Aiurri 2025ko eka. 13a, 10:57

Emaitza bikaina lortu dute bart, gomazko paletan, Gipuzkoako txapelketan, Andoain ordezkatzen ari diren Gaztelekuko pilotariek, Debaren aurka 2-1 irabazi eta gero. Garaipenetan aurretik jartzeaz gain, tantoetan ere alde nabarmeneko errentarekin joango dira Debako neurketara, datorren asteburuan. Finala eskura daukate, hortaz. Hiru partiden irudi-sorta, ikusgai:

Iñaki Lopez de Munain, Xabier Alkorta, Oier Belauntzaran eta Julen Loidik Andoaingo taldea osatu zuten. Deba, berriz honako laukoteak ordezkatu zuen: Xabi Uranga, Xabi Berasaluze, Kepa Arrizabalaga eta Aitor Barinagarrementeria.

Horrela, frontoi osoan, Iñaki Lopez de Munainek erraz irabazi zion Xabi Urangari, 20-4.

Binaka, Xabi Berazaluze-Kepa Arrizabalaga Debako bikoteak eta Xabier Alkorta-Oier Belauntzaran Andoaingo bikoteak oso norgehiagoka lehiatua eta bizia jokatu zuten; azkenean, kostaldeko pilotariek lortu uzten garaipena, 20-16.

Azkenik, banaka zazpi barruan izeneko modalitatean Julen Loidi andoaindarrak aisa menderatu zuen Aitor Barinagarrementeria, 20-4.

 

Finalera iristeko aukera handia

Esan bezala, talde andoaindarra 2-1eko aldearekin doa Debara, eta gainera, berarekin daraman tantoen abantaila ere ez da nolanahikoa, 56-28, hain zuzen; alegia, Deban garaipenetan berdinketa gertatuko balitz ere, errenta ez dela makala.

Hortaz, finalera iristeko aukera handiak dauzka Andoaingo taldeak.

Deban gertatzen dena gertatzen dela ere, azpimarragarria da Andoaingo Gazteleku klubeko palistek aurtengo denboraldian egin duten ibilbidea. Gomazko paletakoen atzoko garaipenaz gain, gogoan izan behar da aurreko asteburuan, Ordizian Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zutela, pala larruz eta pala motzean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!