"Euskadi-Finlandia arteko partida ona izan zen, bereziki, amaiera"

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 14a, 07:06

Ander Egaña Gaston andoaindarrak Leizaran eskubaloiko harrobian eman zituen lehen pausoak. Tolosa CFko jokalaria da eta, egun, Espainia mailako Nacional 1 mailan jokatzen ari da. Aurreko larunbatean Euskal Selekzioarekin aritu zen lehen urratsak eman zituen Allurraldeko kantxan.

Euskadi-Finlandia arteko partidan protagonista izan zinen. Andoaindarra zaitugu eta herrikide askoren aurrean aritu zinen. Zein sentsazio izan zenituen igandean?

Hiru denboraldi dira eskubaloian aritzeko Andoaingo kantxa zapaldu ez dudala eta nabaritu nuen herritarren berotasuna, batez ere, Andoaingoa naizelako eta Leizaran eskubaloi taldean lehen pausoak eman nituelako. Behin partida hasita, ez nion garrantzia eman nahi izan horri. Gurean, jokalariak taldeari zor gatzaizkio.

Hasierakoan atera zinen eta garrantzi handiko golak sartu zenituen, adibidez, 18nako berdinketa eman zuena… Gustura jokoarekin?

Kontuan izan prestaketa-saio berezirik egin gabe jokatu genuela. Hainbat egoera tarteko, ez dugu lanketa egiteko tarterik izan eta, akaso, balioan jarri behar da aurrekoan egin genuena. Nik golak egiten ditut baina jokalari bakoitzak bere egitekoak ditu.

Denboraldia amaituta, deialdiak ilusio berezia sortu du zugan?

Ilusioa beti gailentzen da Euskal Selekzioaren deia jaso berritan. Akaso, denboraldia amaituta, erreta edo nekatuta zaude eta joko aldetik ez zaude unerik gozoenean baina deialdian sartze hutsa pizgarria dela ezin uka.

"Ilusioa beti gailentzen da Euskal Selekzioaren deia jaso berritan"

Partida eta gero zer nolako erantzuna jaso zenuen gertukoen aldetik?

Oso partida lehiatua izan zen, bereziki, amaiera. Aurretik izan ziren finlandiarrak, baina partidaren azken aldera izandako jokaldien ondorioz markagailua berdindu eta irabazi ahal izan genuen. Ikusteko partida ona izan zen, bereziki, amaiera.

Zer da eskubaloia zuretzat?

Zaletasun gehiago ditut, baina eskubaloian ematen dut denbora gehien. Nire kirol-jarduera nagusiena da eta eskubaloiari esker pertsona asko ezagutu eta esperientzia ugari bizi izan ditut.

Nacional 1 mailan ari zara Tolosa CF taldean. Nola gogoratzen dituzu zure urratsak Leizaran taldean?

Gure adineko hainbat lagun elkartu ginen Leizaranen. Saiatu ginen ahalik eta ondoen egiten eta eskubaloiaren bueltan harreman ona egin dugu.

Euskal Ligan aritu da, lehen aldiz, Leizaran Ernio taldea. Pentsatzen dut ezagunak izango dituzula Leizaran Ernio taldean.

Bai, noski. Joan nintzenetik garapena izan dute eta igoera lortu zutenean zoriondu nituen. Meritua denena da: jokalariena, entrentzaileena eta, nola ez, klubarena. Motibazio handia da maila hobean aritzeko aukera izatea.

"Motibazio handia da maila hobean aritzeko aukera izatea"

Zuk jokatzen duzun mailan alde handia dago? Zertan da nabaritzen da gehien, abiaduran?

Jokoan eta fisikoki alde handia dago. Erritmoa askoz azkarragoa da, alde handia dago maila batean edo bestean aritu. Estatu mailako kluben aurka aritzen gara eta exigentzia horri erantzun behar zaio maila txukuna eman ahal izateko.

Zeintzuk dira zure doaiak eta zertan uste duzu hobetu behar duzula?

Nire doaia abiadura da. Bi anaia ere aritu dira eskubaloian eta hirurak azkarrak gara; hori izan da gure indargunea. Defentsan hainbat egoerari aurrea hartzen jakin behar da eta alor horretan hobetu beharra dudala uste dut.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da Tolosa CFkoa?

Oso ona, guztiz positiboa. Talde modura gauza onak besterik ez ditut ikusten. Harrera bikaina egin didate eta hori kantxan eta kantxatik kanpo antzematen da. Hirugarren urtea dut eta bertako bat gehiago naiz. Jokuari dagokionez, hazkunde handia antzematen dut eta oraindik ere jarraitzeko gogoz nago.

Bidaiatan denbora bat ematen duzue, elkarbizitza funtsezkoa da giro onari eusteko.

Bolada txarrak talde guztiek izaten dituzte eta, horrelakoetan, giro onari eustea funtsezkoa da. Hartara, kirol mailan gauzak ondo ez doazenean jokalarien arteko giro ona sustatzea garrantzi handikoa izaten da. Errazagoa da dinamika negatiboak aldaraztea tadekideen arteko giroa ona denean.

"Errazagoa da dinamika negatiboak aldaraztea tadekideen arteko giroa ona denean"

Tolosa CFn jarraituko duzu?

Bai, eta espero dut denboraldi batzuetan bertan izatea. Atxikimendua badut klubarekiko, oso ondo hartu nautelako. Ez bada maila handiago batetik deitzen didatela, interesgarria litzateke Tolosa CFn nire ibilbideari jarraipena ematea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!