Gogoangarria izan da Infantil mailako nesken denboraldia

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 15a, 07:06

Taldeak aurten lortu dituen kopa guztiekin.

Infantil mailako Leizaran McDonalds taldearentzat denboraldia gogoangarria izan da. Giro onean lorpen ugari izan dituzte, eta jarraipena emateko gogoz daude: Ekainaren 25ean Kataluniarantz doaz, Granollers Cup txapelketan parte hartzera

Ostiral arratsaldea, lagunarteko partida jokatzen ari dira Allurraldeko kantxan. Batetik, infantil mailako mutikoak. Bestetik, bigarren urteko neskak. Parez pare aritu dira partida osoan eta, azkenerako, neskak gailendu dira. Arratsaldea taldeko argazkiak ateratzeko baliatu dute. Lan saioa amaituta, Gorka Matute entrenatzaileak denboraldi honetan bizitakoa adierazi dio Aiurri astekariari.

Gorka Matute, entrenatzailea

Denboraldia amaitu duzue eta lortu duzuen sari kopurua oparoa da. Aurreikusi zitekeen hori, denboraldiaren hasieran?

Irailean, ez. Behin Gipuzkoako txapelketako lehen fasea amaituta, maila onean ari ginen eta multzoan lehen postuetan geunden. Gure helburua azken fasera iristea zen, horixe zen neskekin hitz egindakoa. Hori lortzea esperientzia polita litzatekeela adierazi genien, maila handiko taldeekin lehiatzeko aukera izango genukeelako. Gabonetan Andoain Cup txapelketa jokatu genuen eta hor inflexio puntu bat izan zen. Irabaztea lortu genuen eta bizitakoa oso esperientzia polita izan zen.

Gauza politak egin zitezkeela jabetu ginen, orduan. Eta hortik aurrera taldea hobetzen aritu da eta, azkenerako, sekulako emaitzak lortu ditugu.

Kalitatea behar da hori guztia lortzeko, baina lehiatzen ere jakin behar da. Andoain Cup herrian bertan jokatu zuten eta adore handia erakutsi zuten.

Bi urte hauetan lehiatzen ikasi dute, bereziki, denboraldi honetan. Teknikoki, taktikoki eta fisikoki hobetzea zen denboraldi honetarako helburua. Lehiari dagokionez, jauzi bat eman dugu talde lehiakorren aurka jokatuz eta hori ikasketa-prozesu handia izan da jokalarientzat. Andoain Cup txapelketan, herriaren aurrean eta jende askoren aurrean, emaitza oso onak lortu zituzten eta hori esperientzia ona izan zen denboraldiaren  bigarren txanparako.

Meritua jokalariengan jarriz, ikasteko gogo bizia dutela azpimarratu beharko litzateke.

Iaz ekin genion eta bi urte daramate eskubaloian murgilduta. Prozesu bat da eta beraien esku dago taldearen garapena. Gogoz etortzen badira eta inplikatzen badira nabarmen hobetuko dute.

Leizaran eskubaloi taldea, bereziki, emakumezkoen kirol jarduera sustatzen lan handia egiten ari da.

Halaxe da, bai. Ibilbide bat osatzen ari da eta, historikoki, Leizaran emakumezkoen kirol jardueran oso errotuta dago. Azken urteotan, bereziki, neska asko hurbildu dira. Balio asko jasotzen dituzte klubean: lehiatzen dira, talde-lana egiten dute... eta gure kasuan euskaraz bizitzeko hautua hartu genuen.

Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainiako txapelketetan aritu zarete, eta hori oso gutxiren esku dago. Nola bizi dute jokalariek esperientzia hori?

Ezustekoa izan da, sorpresa atsegina eurentzat eta denontzat. Une ahaztezin ugari bizi izan ditugu. Gipuzkoako azken fasera iritsita jakin genuen estatu mailako iparraldeko sektorean aritzeko aukera izango genuela. Eta Gipuzkoako txapelketa irabazi berritan jakin genuen Euskadikoa jokatu genuela handik astebetera. Hitzordu ugari pilatu dira eta emaitza oso onak lortu dituzte. Eta, bereziki, bizitza guztirako gordeko dituzten esperientziak. Jokalariei esaten diegu argazkiak egin ditzatela eta unea bizi dezatela, denboraldia ahaztezina izango baita. Eta, ziurrenik, errepikaezina.

Nolako entrenatzailea zara? Jokatzen uzten diezu etdo etengabe gainean dagoen horietakoa zara?

Normalean haien jokoaren eta mugimenduen gainean egoten naiz baina, bereziki, motibazioz beterik jarrai dezaten. Eskubaloian nahiko era askean joka daiteke eta defentsako edo erasoko jokaldi asko erabakitzeko aukera dute. Jokoa antolatzea, distantziak mantentzea, posizioei eustea... Gure aholkuak alor horietara mugatzen dira.

Jokalariek elkarrekin jarraituko al dute? Kadete mailara igota, jauzi berria emango dute.

Beste maila batean ariko dira eta adinean zaharragoak diren neskekin nahastuko dira. 25-26 neska izango dira kadete mailan, eta bi taldetan banatuko dira. Mailaren arabera, adinaren arabera... erabakiak hartzeko unea da, behin denboraldia amaituta.

Klubarentzat oso ona da aurten bizitakoa, gerora begira oinarri sendoa dagoela antzematen baita.

Oso polita izan da lehiaketa horietan parte hartzea eta harmailan haurrak eta gaztetxoak ikustea. Erakusleiho bat da, entrenamenduen ondorioz noraino iritsi gaitezkeen erakutsi dugulako. Neska hauek bi urte daramate jokatzen, Eskola Kirolatik datoz eta aurrez ez dira eskubaloi eskolatik izan. Bi urteko epealdian Gipuzkoako txapeldun izatera iritsi dira. Jokalariek erakutsi duten gogoaren eta jarreraren ondorio izan da eta hori aipatzea garrantzitsua da.

Alaia Zinkunegi Cano,  Leizaran McDonalds taldeko atezaina

Zer moduzko denboraldia izan da zuretzat?

Oso ona. Asko disfrutatu dugu. Zorionez, titulu asko lortu ditugu eta, egia esan, ez genuen horrelakorik espero. Irabaziz joan ginen, geroz eta partida gehiagotan, eta liga hasieran ez genuen honaino iritsiko ginatekeenik espero.

Nola bizi duzu eskubaloia? Argi zenuen zure gogoko kirola zela?

Duela hiru urte baloiari beldurra nion. Eskola Kirola izena ematea erabaki nuen horrexegatik, baloiari beldurra kentzeko asmoarekin. Hasi eta astebetera aitari esan nion: "Aita, atezaina izango naiz. Argi daukat". Aitak harriduraz begiratzen ninduen, baloiari nion beldurraren jakitun baitzen. Une hartan argi izan nuen eta orain oso pozik nago.

Eskubaloian ez da batere erraza atezaina izatea eta baloi bizi asko jasotzen dira gorputzean.

Iaz, zoritxarrez, lesioa izan nuen eta hiru hilabetez geldirik egon behar izan nuen. Orain ondo nago eta, bai, arrisku egoerak sortzen dira atepean.

Zer moduzko giroa duzue taldean?

Oso ona, elkarren arteko harremana oso ona da. Ederki konpontzen gara. Taldeko gehienak, gainera, lagun talde berekoak gara. Elkar ondo ulertzen dugu eta beti gaude elkarri animatzeko prest.

Iazko irailean espero zenuen honaino iristea?

Ez. Uste nuen iazko denboraldia errepikatuko genukeela. Akaso, liga irabaztea, baina hau guztia ez.

Andoainen lagunen eta etxekoen animoak jaso dituzue. Presio hori ondo eraman duzue?

Andoain Cup txapelketan, lehen partidan hasita, galduko genuen beldur ginen. Eta, azkenerako, finaleraino iritsi ginen. Oso urduri geunden baina partida ona egin eta irabaztea lortu genuen. Gozatu genuen.

Zer da zuretzat eskubaloia?

Oraintxe bertan niretzat dena da. Lagunekin elkarbanatzen dudan kirola da, familiarekin ere bai. Bizitza ematen dit.

 

Taldeaen palmaresa

  • 2024-2025 DENBORALDIA Txapeldunak: Andoain Cup, Gipuzkoako Txapelketa, Gipuzkoako Kopa.
  • Txapeldun-ordeak: Euskadiko Txapelketa, Agredako Txapelketa.
  • 4. postua: Maliañon ospatutako Estatuko Sektorean.
  • Granollers Cup: Denboraldia borobiltzeko, ekainak 25-30 bitartean Granollers Cup txapelketan parte hartuko dute.
  • Andoain  Cup txapelketa irabazteagatik lortutako saria da.

Taldekideak

  • Jokalariak: Aiala Idigoras Gomez, Alaia Cincunegui Cano, Clara Urtasun Vicente, Elene Paz Sanchez, Eukene Beloki Aramendi, Intza Matute Rebollo, Ixiar Irulegi Abrego, Izar Sukunza Echeveste, Libe Azpiroz Delgado, Libe Arruti Etxabe, Malen Lizarribar Pestaña, Nahia Sanchez Ascunce, Paula Mediero Pastoriza, Sara Portuburu Liceaga eta Uxue Fernandez Azpiroz.
  • Entrenatzaileak: Gorka Matute Arroyo eta Iker Beloki Altuna. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!