Ia hiru orduz luzatu da batzarraldia eta bideoan dago ikusgai. Bi aurkezpenetan gidoia bera da: lehenik eta behin, gizarte eragileek ordu erdiko tartea dute azalpenak emateko. Eta, jarraian, ordezkaritza duten alderdi politikoekin galdera-erantzunen tartea zabaltzen da.
Errespetatu Andoain plataforma izan da azalpenak ematen lehena. Eta hura amaitu eta minutu gutxira, Sorabilla Auzo Elkartearen txanda iritsi da.
Errespetatu Andoain
Plataformak, oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Lazoa” deritzon egitasmoa ezbaian jarri du, haien ustean, trafikoari soilik ematen diolako konponbidea. Herriaren garapena itoko dutelakoan dira plataformako kideak eta Sestra enpresak udaberrian aurkeztu zituen aukeren artean saihesbide eraberritua martxan jartzea defendatu dute. Horretarako, Aldundiari apustu ekonomikoa egiteko gonbita luzatu diote, Gipuzkoako hainbat udalerritan egin diren hirigintza-garapenak Andoainen ere egin ahal izan daitezen.
Sorabilla Auzo Elkartea
Desarrollistatzat hartzen dute Andoaingo HAPOaren atzean dagoen egitasmoa eta saihesbideak Sorabilla erdiz erdi kaltetzen duela errepikatu dute. N1 errepidearen birdimentsionatzea defendatzen aitzindari izan zirela adierazi dute, denboran atzera 2007ra joanez. Saihesbidearekin kritiko, eufemismoak alde batera utzi eta batzuk defendatzen duten egitasmoari “Sorabillako Saihesbidea” deitzea eskatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak C2 delakoa aurkeztu zutenean alegazioak egin zituzten baina erantsi dute ekonomian eta ingurumenean eragin txikiena izango duen egitasmoa defendatzen dutela.
Udal ordezkariak eta herritarrak Batzar Nagusietan
Andoni Alvarez alkatea, Aritz Alkain PSE-EEko bozeramailea, Imanol Goenaga eta Txitxu Ruiz EAJ-PNVko eledunak eta Pepe Iparragirre Elkarrekin Podemoseko bozeramailea izan dira bertan. Horrez gain, ikusleen artean, bi ekimenetako hainbat kide izan dira aretoan.
Kanpoaldean, arratsaldeko hiruretatik hasita, Errespetatu Andoain plataformako kide gehiago izan dira eta hainbat pankarta erakutsi dituzte.
Bideoa ikusgai
Bideoaren hasieran Errespetatu Andoain plataformako kideen aurkezpena ageri da. 1:32:30tik aurrera, bestalde, Sorabilla Auzo Elkartearen agerraldia hasten da.