Agintaldiaren balantzea egin du Andoaingo EAJ-PNVk

Aiurri 2025ko eka. 17a, 07:00

2023-207 agintaldiaren balantzea egin du EAJ-PNV alderdiak. Gobernu taldeari ekimen eta lidergo falta leporatu eta eurek izandako jarrera eraikitzailea nabarmendu dute.

"Andoainen, aurrerapenaren alde, gehiago egin dugu oposiziotik, EH Bilduk gobernutik baino", dio Andoaingo EAJ-PNVk. Eta honakoa erantsi: “Gobernuan egon ez arren, argi dugu alderdia izan dela eskua luzatu, eta luzaroan espero ziren proiektuak bultzatzeko akordio giltzarriak lortu dituena. Konfrontazioan edo taktizismo politikoan erori beharrean, EAJ-PNVk akordioaren, elkarrizketaren eta erantzukizunaren aldeko apustua egin du”.

Imanol Goenaga buru den alderdiarentzat “EH Bilduren taldeak norabide argirik gabe gobernatu du, anbiziorik gabe kudeatuz. Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk jakin izan du zubiak eraikitzen eta akordio erabakigarriak lortzen, hala nola 2024ko eta 2025eko aurrekontuak Andoainen aldeko akordioa izenburupean sinatutakoak. EAJ-PNVk Andoaingo etorkizunarekin duen konpromisoa, kritikatik haratago doa”. Herria hobetzeko proposamenak eta inbertsioak gidatu dituztela nabarmendu dute. Hainbat proposamen zehatz zerrendatu ostean, EAJ-PNV-k Andoainek epe luzean pentsatzen duen lidergoa behar duela defendatzen du: “Zorionez, Andoainen, aurrerabidearen motorra guk jarri dugu, ez EHBilduk. EAJ-PNVtik anbizio handiagoz egin nahi dugu politika eta arduraz lan egiten jarraituko dugu Andoain atzean gera ez dadin”.

Ziakoren saneamendua, Ama Kandidaren eraldatzea, Leizotz auzoko ur-hornidurako sarearen eraberritzea eta beste hainbat egitasmok jeltzaleen zigilua daramatela adierazi dute. Eta obra handien kasuan, aurrerapenik ez dela izan eta kexu agertu dira: “Allurraldeko kiroldegiaren handitze proiektuak edo udal liburutegi berriaren eraikuntzak geldirik jarraitzen dute”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!