Udako denboraldian, uztailean eta abuztuan, Leitzaran Bisitarien Etxea egunero egongo da zabalik, 09:30-18:30 ordutegiarekin. Irailean, asteartetik igandera (astelehena itxita), eta urrian, berriz, asteburuetan irekiko da. Bestalde, udazkenean, astegunetan ikastetxe, enpresa eta talde handientzat irekiko da, aldez aurretik erreserbatuta.
Edozein kontsulta, eskaera edo erreserba egiteko, honako bideak jarri dituzte: 943 300 929 telefonoa, info@leitzaran-andoain.eus korreoa, eta (www.leitzaranandoain.eus webgunea. Jakina, Bisitarien Etxea irekita dagoenean, Leitzaran bailararen, bide berdearen gaineko informazioa jaso ahal izango da bertan.
Andoni Alvarezek, Andoaingo Alkatea eta Sustapen Ekonomikoa, Enplegua eta Gazteria Saileko arduradunak, eta Leitzarango Bisitarien Etxea kudeatzen duen Bizi Biziki enpresako Ekaitz Zubelzu arduradunak eman zituzten azalpenak aurtengo eskaintzen gainean, Otietan bertan atzo.
Halaber, agerraldian izan ziren, Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin-Podemos) zinegotziak, eta Hilario Dorronsoro eta Manu Segovia Sustapen Ekonomikoa, Enplegua eta Gazteria Saileko teknikariak.
“Leitzaran bailarara hurbiltzen diren pertsonei zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen zaizkie, baita Leitzaran bailarari, Plazaola-Leitzaran bide berdeari eta Andoaingo udalerriari buruzko informazio turistikoa ere” adierazi zuten Alvarezek eta Zubeltzuk. Ekoturismoan oinarritutako eskaintza izango dela gaineratu zuten, “fokua naturagune horren kontserbazioan eta sentsibilizazioan jarriz".
Alvarezek, andoaindarri eta datozen hilabeteetan bisitan etorriko direnei Leitzaran bailaraz goza dezaten gonbidatzeaz gainera, “Leitzarango enklabe naturala baldintza onetan mantentzeko erantzukizuna partekatua dela” gogorarazi zuen. “Ingurune naturala errespetatu behar dugu, gizalegearen aurkako jokabideak saihestu behar ditugu (ez bota zaborrik, ez zaratarik egin...), guztion ondare naturala baita”.
Zerbitzuen eta jardueren eskaintza
Berrikuntzen artean, gogoratu zuten Leitzarango Bisitarien Etxean lurralde zaintza ekimena jarri dutela martxan “bisitarien portaera aztertzeko eta haien jarduerek ingurune naturalean duten eragina neurtzeko”.
Lurralde zaintza hori hiru arloetan garatuko da, batik bat: Leitzarango bisitarien eta erabiltzaileen artean sentsibilizazio-lanak sustatzea eta jarrera arduratsuei buruzko informazioa eskaintzea, Leitzarango Biotopoari buruzko informazioa ematea eta inguruneko balio ekologikoak ezagutzea, eta, bisitarien monitorizazioa behar duten eremuetan neurri zehatzak hartzeko.
Aldi berean, aurreko urtetatik datozen eskaintzak gogorarazi zituzten Otietan egindako agerraldian. Besteak beste, bizikleta alokairua (BTT/MTB, konbentzionalak eta elektrikoak), ferrata bidea (“esperientzia sentsoriala da, eta Leitzarango bailara eta haren berezitasunak beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen du”), orientazio zirkuituak (tipologia guztietako bisitariei zuzendutako jarduera), bisita gidatu tematizatuak oinez eta bizikletaz (Leitzarango bide berdetik eta bailarako bidezidorretatik).
Bestalde, adierazi zuten Kalegiroan kultur programazioko zenbait ekitaldi Otieta parkean antolatuko direla beste urtetan egin den bezala, Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean.
Gomendioak, Otietara iristeko
Mugikortasun jasangarria sustatze aldera, Otietara iristeko, andoaindarrei eta bisitariei bi baliabide erabiltzea gomendatzen diete, bi baliabide erabiltzea: Plazola-Leitzarango Bide Berdea (Trentxikia) eta Lizarkolako kanaleko bidezidorra.
Bestetik, ez da ahaztu behar Leitzarango GI-3091 errepidean, Lizarkolako bidezidorretik gertu dagoen Leitzarango Papelera zaharrean, 40 plazez osatutako aparkalekua egokitu dutela, horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat.
Azkenik, aipatu zuten Otieta parkeko mahai eta aulkiak berritu egin dituztela.