Ipuingiro zikloaren edizio berria aurkeztu du Andoaingo Udalak

Aiurri 2025ko eka. 27a, 11:14

Hiru saio izango dira uztailean Sorabillan, Plazaola kalean eta Leizaur parkean. Hirurak, arratsaldez.

Zorte txarreko otsoak

Uztailak 1. Sorabilla.

3 urtetik gorakoentzat da ipuina. Sinopsia: Zorte txarreko dabil Otsoko. Dena gaizki ateratzen zaio. Ez du janaririk aurkitzen, edo aurkitzen duen janariak ziria sartzen dio, ihes eginik; txerriek, antxumeek eta baita Txanogorritxok berak ere hala egin zioten!. Edo bestela Otsoko bera da ihes egiten uzten diena, pena hartuta. Horregatik orain inor ez da haren beldur. Eta hau gutxi balitz, Txanogorritxoren amonak super eskupeta erosi du. Ezin amonatxorik ere jan! Zer egingo ote du gure Otsoko gizajoak hemendik aurrera bizirauteko?

Andoain eta Leitzaran hizpide hartuta, Memoriaren ibaia saioan

Uztailak 8. Plazaola kalea.

Mattin komikilaria eta Juan Luis Zabala idazlea Memoriaren ibaia komikiaren egileak dira. Honatx, sinopsia: Feminismoan eta ekologian, injustiziaren aurka eta gizarte bidezko eta bizigarriago baten alde borrokatu dira Eider eta Harkaitz. Ez dute damurik, ez diote ekologista eta feminista izateari utzi, baina militantziaren alde ilunaz ere jabetu dira gaztaroko urteetan aurrera egin ahala. Horretaz hasi dira solasean Andoaindik abiatuta Leitzarango bailaran zehar bizikletan egiten ari diren txangoan, jakin gabe Leitzan kontu horiekin zerikusia duen ezusteko latza jasoko dutela.

Kamishi jai, zikloari amaiera emateko

Uztailak 22. Leizaur parkea.

Japoniatik datorren Kamishibai tradizioa jarraituz, bizikletetan eskenatoki ibiltari moduko bat osatuko dute, ahozkotasuna elementu ezberdinekin uztartuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!