Jaione Garinek bihar du azken lan-eguna Bastero estankoan

aiurri 2025ko eka. 27a, 15:06

Jaione Garin Garagorri gazte-gaztetik hasi zen familia-negozioan, eta bihar du azken eguna bertan. Eskerrak eman dizkie urte guzti hauetan estankoko bezero fidel izan diren herritar guztiei (bere adierazpenak bideoz, behean):

Honetaz aurrera, Kepa anaiak orain arte kudeatu duen ondoko Loteria eta Estankoan ariko da, lan-egun erdiz. Bastero estankoak, berriz, jabe berriek kudeatuko dute asteartetik aurrera.

Jaione Garini jende ugari ari zaio hurbiltzen egunotan, ez dutelako gehiago ikusiko mostradoreaz bestalde, eta horrek pena ematen diela adierazteko.

Garin harrituta eta hunkituta dago jendearen erantzunagatik, “egunerokotasunean murgiltzen zara, eta igual ez zara ohartzen, jendeak senti dezakeen gertutasuna estankoarekin. Baina egunotan ari naiz ohartzen zenbat estimatzen gaituzten. Jende askorengandik jasotzen ari naiz kariñoa; hunkigarria izaten ari da”.

Bastero estankoa beti-betidaniko komertzio horietakoa da, “gure amak ireki zuen orain 66 bat urte. Aita ondoren sartu zen negozioan, amari laguntzeko; aurrez, sukaldaria izan baitzen. Kepa eta biok ere, laster asko sartu ginen negozioan; gaztetan, ikastolako ikasketa orduak egin eta hementxe aritutakoak gara, egin kontu! Geroxeago, euskaltegian ere klaseak eman, eta handik hona etorri behar izaten nuen”.

 

Bihar du azken eguna estankoan, Jaione Garinek

 

Egonean egoten ikasi

Negozioari ordu asko eskaini behar izan dizkiola aitortu du Garinek. “Oso lanbide lotua izan da hemengoa. Bertan zortzi ordu sartzeaz gain, etxera eraman behar izan dut lana, askotan. Esate baterako, inguruko tabernetako tabako-makinak kudeatu eta antolatu izan ditut”.

Egonean egoten ikasi beharko duela aitortu du Garinek. “Lehengoan, nobela bat irakurtzen hasi, eta arreta piztu zidan eskaintzak atalean egilerak idatzita daukana, alegia, “asko ikasi dut animaliengandik, egonean egoten”. Bada, aizu, filosofia horri heldu nahi nioke hemendik aurrera!”.

Lan-ordu murrizketarekin, nahiko baztertuta zeuzkan zaletasunak landuko dituela gaineratu du Garinek: “artearen historia ikasi nuen, eta gogoz heldu nahi nieke, besteak beste, genealogiari, agiri zaharrei...”.

 

Esker oneko adierazpena, bideoz:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!