Zuzendariko kideek adierazi dutenez, “Andoaingo kooperatibak, bere historian, baserritarren unean uneko premietara egokitzen jakin izan du. Baina azken urtetan, penaz, izugarri joan da murrizten baserri-mundua, eta kooperatibaren bezero-kopurua ere maila berean joan da gutxitzen”. Gehitu dutenez, azken saiakerak egin dituzte azken aldian, inguruko beste kooperatibekin elkarlanean jarduteko, baina ezinezkoa izan zaie hortik jotzea. Bideragarritasun eza kontuan hartuta, bazkideek, orain aste batzuk egin zuten batzarrean, kooperatiba bizirik mantentzen zuen elkartea desegitea erabaki zuten.
Horrenbestez, kooperatibaren ibilbidea amaitutzat emanik, honetaz aurrera zorrak kitatu, lokala saldu, eta enpresaren likidazio prozesua jarriko dela abian, gehitu dute.
Andoaingo kooperatibaren itxiera, Gipuzkoan sektore horrek azken urtetan bizi duen panoramaren islada besterik ez da.
Joera hori antzematen da inguruan martxan izan diren kooperatiba batzuekin. Oiartzungoa izan liteke azken adibidea.
Ibilbide historiko handiko Kooperatiba
Ezin izan da topatu zenbait xehetasun (noiz, nortzuk...) zehaztuko lizkigukeen agiririk, baina jakina da Andoaingo baserritarren kolektiboko zenbait eragileek XX. mendeko lehen herenean jarri zuela abian.
Nekazaritzari lotutako kooperatibismoaren filosofiari heldu zioten, helburu jakinekin: herriko baserritarren topagune izatea eta beren interesak defendatzeko tresna izatea, nekazaritzatik bizi ziren baserri-familiei zerbitzua eskaintzea, nekazaritzako produktuak eta generoa merkeago jartzea salgai... Dena esatera, nahiz lehen sektorera bideratutako zerbitzua izan, Andoaingo biztanleri osoari ireki izan dizkio ateak kooperatibak, betidanik.
Bere eboluzio historikoan izen desberdinak hartu izan ditu. Cooperatiba Catolica Agricola (Nekazari-Kooperatiba Katolikoa) izena ofizial eduki zuen epe historiko luze batean behintzat, eta 80ko hamarkadan barrena izen aldaketa ezarri zioten, egundaino ezagutu den Nekazari Kooperatiba, alegia.
Nerea Garmendia urnietarra egon da azken bederatzi urtetan salmentan. Aurretik, Pili Zeberiok eraman zuen bere hango martxa, 25 urtez; hark, Jose Antonio Salaberriak eta Kristina Ansak osatzen zuten bikoteari hartu zion lekukoa. Hamarkadetan oraindik atzerago eginda, berriz, Kaletxikin bertan bizi zen Garmendia familiaren kargu egon zen kooperatiba; Joxe Manuel Garmendia Unanueren eskuetan lehenbizi, eta haren emazte Pantxika Garmendia Urkola eta bien seme Bixente Garmendiaren esku ondorenean, hain zuzen. Garai hartan, errota bat ere bazeukaten martxan bertan.
Jabier Oiartzabal bezero finoetako bat izan da urtetan. Arizmendi Etxeberriko baserritarra, Andoaingo Makaldegiko merkatuan baserriko produktuekin saltokia daukan bakanetakoa da. “Pena izugarria eman digu Kooperatibaren itxierak. Eskura eduki dugu orain arte, eta zerbitzu galanta eman digu, baina ulertzekoa da azken erabaki hori. Bistan da gainbehera doala baserri mundua; ezkutatzera doa orain arte ezagutu dugun bizimodu tradizional hori behintzat, eta horrek bere eragina dauka kooperatibaren antzeko zerbitzuetan, jakina”.
“Pena izugarria eman digu Kooperatibaren itxierak. Eskura eduki dugu orain arte, eta zerbitzu galanta eman digu, baina ulertzekoa da azken erabaki hori".
Jabier Oiartzabal
Baserri-giroko produktuen salmentari orain hamarkada batzuk ekin zionetik gaurdaino, gauzak izugarri aldatu direla aitortu du Oiartzabal: “Ni hasi nintzenean, Andoaingo baserri gehienek, gutxi-asko, mantentzen zuten baserri-produkzioa. Egin kontu, herrian janari-denda txiki ugari izaten zen, eta horiekin izaten zuten irtenbidea; eta gero aparte, esnea partitzera herrira goizero jaisten zirenak. Egun, esango nuke Muñagorriko familia dela bakarra baserritik bizi dena”.