Antzinako aingura eta sutegia gogoan, argi eta soinu ikuskizuna iragarri dute gaur gauerako

aiurri 2025ko uzt. 5a, 10:44

Leitzarango sutegia gaitzat hartuta, honako irudia osatu du Burdina taldeak

Iraganean, itsas-aingurak Andoaingo sutegian egiten zituzten, eta gero, almadietan, Oria ibaian barrena, Orioko portura eramaten zituzten. Kontakizun hori jaso dute andoaindarrek belaunaldiz belaunaldi. Bada, transmisio historiko horri esker daukagun ezagutzari helduko diote Burdina elkarteko kideek, gaur gaueko 22:00etatik aurrera. Ikusgarria izango den ikuskizuna agindu dute.

Iragarri dutenez, osagai ugari edukiko ditu ikuskizunak: dantza, txalaparta (burdin-hotsa), argiak, hitzartzea…

 

Sutegia, Leitzaran ibaiaren bazterrean

Agiri idatzirik topatu ez den arren, herriko hainbat herritarren oroimenean iltzatuta geratu dena da, nola aritu zen martxan itsas-aingurak egiten zituen sutegia, Leitzaran ibaiaren bazterrean, gaur egungo Aingurasutegi kalearen parean.

Hain zuzen, gaur ikusi ahal izango den ikuskizuna, handik oso gertu, Bekoplaza eta Leitzaran kalearen artean izango da.

Ekitaldiaren amaieran, Andoainen izan zen aingura-sutegiaren gaineko xehetasunak azaltzen dituen 16 orrialdeko liburuxka banatuko dute ikusleen artean.

XVIII. mendeko burdinola batean burdingileak aingurak forjatzen azaltzen duen ilustrazioa (Euskal Herriko Entziklopedia Orokor Ilustratua, Auñamendi argitaletxea).

Angel Piralak 1891ean egindako grabatuan antzeman daiteke non egon zen ontziralekua.

Aingura zaharra Leitzaran erreka bazterreko horman zintzilikatu dute Burdinako kideek, aurreko asteetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!