Ekitaldiaren lehen partean, Juan Godoy, Jon Urtasun eta Tolo Ollo txalaparta jo dute, Malou Henriksen eta Ane Jalonek adarra, Maite Sagasetak dantza saioa egin du, Ion Belokik bi bertso abestu ditu, eta azkenik, Urko Ormazabal, Asier Garcia, Lier Flores eta Beñat Amilibia gazteek burdingileen papera bete dute.
Honatx Jon Belokik abestutako bi bertsoak (doinua: Itsasoari begira):
Gure ingurura begiratuta
egin behar da galdera
zer egongo zen ibai ondoan
urte batzuek atzera.
Burdinak beti erantzun bat du
eta dator aurkeztera
aingura egile andoaindarrak
behar bezala omentzera
txoko honekin momentu oro
euraz oroituko gera.
Oria eta Leitzaran dira
paisai honen katebegi
gure herriko kale ezagun
denez Aingurasutegi
izenak berak dioen gisan
itsas ainguren lantegi
errekan zehar itsasoraino
zeramaten herriz-herri
aingura erabat bota aurretik
memoria berrituz segi.
Ekitaldiaren bigarren zatian, Joxe Ramon Berrondo eta Xabier Cabezon Burdina elkarteko kideek hitza hartu, eta ainguraren industriaren gaineko azalpenak eman dituzte.
Liburuxka, azalpen argigarriekin
Ainguren sutegiaren gaineko azalpenez betetako liburuxka ere banatu dute ekitaldira hurbildu diren herritarren artean. Bestalde, kontuan hartzekoa ere bada Xabier Cabezonek berak gidatzen duen leitzaran.net web orrian ere bi artikulu interesgarria topa daitezkeela.
Ekitaldiari bukaera emateko, Alberto Delaflor, Juan Carlos Couto eta Roberto Couto Zumeatarrako sukaldariek txigarretan erre dituzten hirugiharrak eta txorizoak dastatzeko aukera eduko dute bertaratu direnek.