Aldundiaren "Lazoaren" proiektuari errekurtsoa aurkeztu diote hainbat herritarrek, Errespetatu Andoain-ekin batera

aiurri 2025ko uzt. 8a, 22:11

A15etik N1era konexioa egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki lizitatu duen "lazoa"ren proiektuari errekurtsoa jarri dioten hainbat herritar bildu dira Goikoplazan ilunabarrean, Errespetatu Andoain plataformak deituta. Agerraldia, bideoz ikusgai: 

Hona irakurri duten agiria:

"Atzo eta gaur, legezko epean, Gipuzkoako Foru Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Auzitegian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025eko ekainaren 17ko erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu dugun ordezkaritza bildu gara hemen, Andoaingo Goikoplazan: bertan, Bordaberriko enpresen ordezkaritza, Andoaingo Ikastolako ordezkaritza eta andoaindar multzo inportante bat. (200dik gora).

Aurkeztu dugun errekurtsoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren "LAZO" proiektuaren lizitazioaren aurka izan da. Foru Aldundiak hartutako erabaki horren bidez“A-15etik N-1era konexio zuzena egiteko LAZO proiektua idazteko zerbitzuen” kontratua adjudikatu zaio FHECOR Ingenieros Consultores SA eta SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresek osatzen duten ABEEri.

Aurkeztu diren errekurtsoen arrazoi nagusiak hauek dira:

1.- Osasun publikoa eta HAPOaren urraketa:

LAZO konexio-proiektuak indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) oztopatzen du, Andoaingo garapena, hain zuzen ere, eta ez du ahalbidetzen A-15 eta N-1 artean dauden 3 km-ko tartea lekuz aldatzea. Tarte honek Gipuzkoako trafikorik handiena jasotzen du (egunean 71.000 ibilgailu), eta kutsadura akustiko zein atmosferiko maila onartezinak sortzen ditu Andoaingo bizilagunen osasunaren kalterako.

2.- Herritarren parte-hartzea saihestea:

Aldundiak jatorrizko 3 km-ko C-II (Elkarbizitza) proiektua zatikatu eta soilik 700 metroko zatia (Bazkardoko LAZO konexioa) lizitatu du. Zatiketa horren ondorioz, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua aplikatzen zaio eta horrek herritarren alegazioak aurkezteko aukera galarazten du. Proiektua oso-osorik aurkeztuz gero, ingurumen ebaluazio arrunta egin beharko litzateke, herritarren parte-hartzea ahalbidetuz.

3.- Kontratazio-araudiaren urraketa:

SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresak lizitazioaren zehaztapen teknikoen prestaketan parte hartu zuen, eta berak diseinatu zuen LAZO alternatiba. Hori dela eta, Kontratu Publikoen Legearen arabera, ezin luke parte hartu lehiaketa berean. Enpresa honek Andoaingo Udalari eta Foru Aldundiari aurkeztutako dokumentazioak eta irudiak argi eta garbi frogatzen dute LAZO soluzioa beraiek garatu zutela aurretik.

Zer da errekurtso horien bidez eskatzen duguna:

* Esleipena bertan behera uztea eta prozedura atzera botatzea, gardentasuna, inpartzialtasuna eta herritarren parte-hartzea bermatuz.

* Andoaingo bizilagunen osasuna eta ingurumenaren babesa lehenetsiz, N-1 eta A-15 arteko lotura-zatiaren konponbide egokiago baten alde egitea, Andoaingo HAPOa errespetatuko duena, Andoaingo garapena bermatuko duena eta kutsadura mailak murriztuko dituena".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!