A-15 eta N-1 arteko loturak hobetzeko bi alternatiben gaineko xehetasunak (helburua, ezaugarriak, onurak, eragozpenak...) biltzen dituen esku-orria etxez etxe banatuko dute egunotan.
Andoni Alvarez alkateak eta Garazi Usandizaga hirigintzako zinegotziak agerraldian adierazi dutenez, abian jarri duten gizarteatze-prozesuaren helburua “A-15 eta N-1 errepideen arteko loturak hobetzeko bi proiektuak herritarren artean ezagutaraztea da, eta, ondoren, andoaindarren iritzia jasotzeko prozesua irekitzea”.
Alvarezek, onartu du errepidetako eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, baina zehaztu du "Andoainen hasi eta Andoainen amaitzen den egitasmo baten inguruan andoaindarrek beraien iritzia emateko aukera” izan behar dutela.
Gobernu taldearen konpromisua zein den garbi utzi nahi izan du Alvarezek: “informazioa gardentasunez eman”, ondoren “andoaindarren iritzia Aldundira bideratzeko”.
Uztailetik urrirako gizarteratze-prozesua
Gaurtik hasita, esku-orri informatiboak etxez-etxe banatuko dituzte, eta aldi berean, informazio-puntuak jarriko dituzte herriko hainbat lekutan, “herritarrei proiektu bakoitzaren azalpen zehatzak eskaintzeko”.
Gehitu dutenez, urria bitartean, erakusketak, infografiak eta bestelako euskarriak erabiliko dituzte, bi alternabtiben gaineko informazioa “modu argi eta erakargarrian zabaltzeko”.
Kanpaina horren barnean, irailean, mahai-inguru irekiak ere antolatuko dituztela ziurtatu dute. Ekitaldi horietan nortzuk hartuko duten parte aurreratu dute: “aditu ezberdinek, bi alternatibek osasunaren inguruan, hiri garapenaren inguruan, nekazal lurrei eraginaren inguruan eta itzulera ekonomikoaren inguruan, xehetasun teknikoak azaldu eta herritarrek galderak egin eta ekarpenak partekatu ahal izango dituzte”.
Azkenik, jakinarazi dutenez, gizarteratze-prozesua.andoain.eus izeneko webgunea prestatu du Udalak, bertan informazio guztia (dokumentuak, testigantzak eta bestelako baliabideak) eta eduki osagarriak kontsulta ahal izateko.
Udal gobernuko kideek gonbita luzatu die andoaindar guztiei parte har dezaten abian jarri duten prozesuan, eta “etorkizuna elkarrekin erabakitzeko pausoa” eman dezaten.