Kuir proiektua bultzatzen duen taldeak antolatu zuen erakusketa, Udaleko Berdintasun sailaren laguntzarekin.
Erakusketa goiz eta arratsaldez egon zen ikusgai, eta bertaratu zirenek talde horretako Sara Zozaya, Jon Sierra, Lore Atondo, Mark Arregi eta Liam Manley kideen azalpenak jaso ahal izan zituzten. Aldi berean, bi bisita gidatu ere antolatu zituzten.
Kuir, herriz herri dabilen erakusketa da, eta LGTBIQA+ kolektiboaren historiak eta borrokak azaltzen dituen espazio bisual gisa planteatuta dago. LGTBIQA+ pertsonen historia, kultura eta errealitate soziala esploratzen ditu, artea eta inklusioa sustatuz. Eragileen hitzetan, “erakusketak berdintasunaren eta errespetuaren gaineko gogoeta eta ikaskuntza sustatzeko espazio bat sortu nahi du”.
Erakusketako edukiek nabarmentzen dute denboran zehar, historia perspektiba normatibo idatzi eta interpretatu izan direla, “genero eta sexualitatearen kanon tradizionaletan sartzen ez diren identitateak eta harremanak isilaraziz, aztertuz edo moldatzeko berrinterpretatuz”.
Horrela, azpimarratzen da heterosexualetik edo genero-binariotik urruntzen ziren esperientziak eta loturak “ez ikustaraziak, gutxietsiak edo distortsionatuak” izan direla iraganaren ikuspegi mugatu eta baztertzailetik. “Hala ere, literatura zaharretako kontakizunak eta arkeologia-aurkikuntzak sakonkiago aztertzen ditugun heinean, argi gartzen da LGTBIQA+ pertsonak betidanik existitu eta giza gizarteen parte funtsezkoa izan direla gure historiaren lehen erregistroetatik”.
Gonbidapena, zenbait adibide historiko hizpide hartuta
Erakusketak ikuslea gonbidatzen du “identitate queer-ak zerbait berria direla dioen kontzeptu oker hori desmitifikatzera”, eta aldi berean, “ulertzera LGTBIQA+ pertsonak beti egon direla historian presente, nahiz eta ez zaigun beti liburu historikoetan aitortu”.
Historian barrena zenbait erreferentzia (pertsonak, pertsonaiak, gertakizunak...) ekartzen ditu gogora erakusketak, zabaldu nahi den mezu horren adierazgarri gisa. Tartean, Antzinako Mesopotamiako mitologiako Gilgamesh eta Enkidu pertsonaiak, Greziako mitologiako Zeus eta Kalisto), Paleolito Goienako La Marche kobazuloko grabatuak (duela 14.000 urte ingurukoak), Irango Hasanluko hilobia (duela 2.800 urtekoa), Antzinako Egiptoko Khnumhotep eta Niankhkhnum V. Dinastiako funtzionarioak (duela 2.400 urte), II. Mundu Gerra, 1981eko IHESaren gaineko lehen diagnosia...
Udalaren adierazpen instituzionala
Udala osatzen duten lau alderdiek adierazpen instituzionala onetsi zuten, ekainaren 28an, LGTBIQA+ harrotasunaren egunarekin bat eginda. Besteak beste, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzaren aldeko konpromisoa berresten dute eta kolektibo horren eskubide eta askatasunaren aitortzan lortutako aurrerapenak goraipatzen dituzte. Nolanahi ere, eta zehazten dutenez, “egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada”.
Besteak beste, funtsezkoa ikusten dute “injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino”.