"Iritsi gara agintaldiaren erdialdera. 2023ko ekainaren 17an hartu zuen Udal gobernu honek Andoaingo Udalaren gidaritza, eta bi urte igarota, egindako lanarekin asebeteta gaudela nabarmendu nahi dugu. Bidea egiteke dago oraindik, baina orain artekoa mamitsua, sakona eta emankorra izan dela uste dugu". Hitz horiekin abiatu zen EH Bilduko alkate eta Andoaingo Udaleko gobernu-taldeko buru Andoni Alvarez Leteren agerraldia.
Pertsonak, azpiegiturak eta herrigintza. Hiru lehentasun horiek dira gobernu-taldekoentzat premiazkoenak. Politika egiteko beste eredu bat badela sinetsita daude, eta horri jarraika aritu direla adierazi zuten agerraldian: "Ko-gobernantzarekin konprometituta gaude, horretan sinesten dugu, eta horren erakusle dira orain arte erdietsitako akordio eta adostasunak, gainerako alderdi politikoekin eta baita herriko eragile zein taldeekin ere".
Gogoan izan zuten agintaldiaren hasieran iragarri zituzten 73 neurriak. Atzera begira jarri eta kontuak atera zituzten: "Lau urtekoa abiatzearekin batera 73 neurriz osatutako gobernu programa aurkeztu genuen. Agintaldi erdira iritsita esan dezakegu neurrien %40 beteta dugula, %45 martxan eta bidean dela eta %15 garatzeko fasean. Alegia, hartutako konpromisoen %85 bideratu dira agintaldiko bi urte hauetan".
Zehaztasunetan sartuz gero, zerrenda luzea hizpide hartu zuten udaletxeko pleno-aretoan egindako agerraldian: "Nabarmentzekoak dira N-1 eta A-15 lotuneari irtenbidea emateko abiatutako prozesua, herri osoa asfaltatzeko egindako lanak, herriko hainbat aparkalekutan egin diren handitze eta txukuntze-lanak, ikastetxe guztietako kirol-eremuak asteburuetan zabaltzeko izenpetutako akordioa, Eskola-Kirola bateratzeko eta indartzeko eman diren urratsak, AndoainAPPren berrabiaratzea eta eguneratzea, herrian gune estaliak eraikitzeko azterlanaren bideratzea, herria dotoretzeko emakume muralistek egindako lana, Kultura Mahaiaren eraketa, Udalaren berrantolaketa eta abar".
Eta alkateak poz berezia agertu duela aitortu zuen abian jarri diren beste hainbat neurrirekin: Zaintza planaren osaketa, herrira bizitzera etorri berri direnei ongi-etorria emateko egitasmoa, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren eguneraketa, herriko kale eta udal eraikinak irisgarri bilakatzeko egokitzapenak... Etorkizunean dimentsio handiko egitasmoei heldu nahi diete: Allurralde Kiroldegiaren handitze-lanak, kultura lokalen azterlana eta Udal Liburutegi berria martxan jartzeko aurrelanak. "Bi urte ditugu oraindik aurretik, lanean gogor jarraitzeko".