Iker, zer moduz arduradun lanetan?
Badira hiru urte arduradun lanetan hasi nintzela. Hamazazpi urte inguru daramatzat eskolan irakasle lanetan, eta beti egon naiz lotuta aisialdiaren munduarekin: bai Izartxon, bai Kanpezuko kanpaldian. Urte mordoxka daramatzat hezkuntzan, eta esperientzia horrek lagundu dit ardura berriak hartzen.
Zer moduz doaz txandak? Beroak zenbaterainoko eragina izan du zuen jardunean?
Ikasle talde oso onak izan ditugu, eta ez da aparteko arazorik izan. Kanpezun, bero handia egin duen egunetan, erreka ondoan egoteak asko lagundu digu; hortaz, denbora gehiago igaro dugu han freskatzen. Deltakoek, berriz, kanpaldi ibiltaria egiten dute. Hauek bai, beroaren eraginez ibilbidean aldaketa batzuk egin behar izan dituzte. Kasu batzuetan, adibidez, ibili beharrean autobusa hartu behar izan dute, eguzkiak gogor jotzen zuelako. Hala ere, orokorrean ondo moldatu gara eta kanpaldiaren dinamikari eutsi ahal izan diogu.
Udalekuek aldaera ezberdinak dituzte.
Horrela da, bai. Kanpaldia DBH 1. eta 2. mailako ikasleek hasten dute, hamar eguneko oporraldia osatuz. Kanpezuko kanpin-dendetan pasatzen dituzte gauak, eta bi egunetan Bianara egiten dute txangoa autobusez. Bertan eguna pasatzen dute, jolas ezberdinetan parte hartuz. Gainontzean, Kanpezu inguruan ibiltzen dira.
Deltakoek, hau da, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek, hamar eguneko ibilaldia egiten dute: Lagranen hasi eta Kanpezun amaitzen dute. Bidean, frontoi eta kiroldegi ezberdinetan egiten dute lo. Kanpezuko kanpaldian lau oporraldi daramatzatenez, nostalgia puntu hori kentzeko, ibilaldia bertan amaitzen dute.
Azken txandan, LH 5. eta 6. mailako ikasleak etortzen dira. Zortzi eguneko kanpaldia egiten dute, eta, oro har, gauak Kanpezuko kanpin-dendetan pasatzen dituzten arren, gau bat Maeztuko frontoian igarotzen dute, Deltakoek kanpaldia Kanpezuko kanpin-dendetan amaitu dezaten.
Auzolanak garrantzi handia dauka, kanpalekuen prestaketa gurasoekin egiten baita.
Bai, gurasoak funtsezkoak dira Kanpezuko kanpaldian. Ekainaren 21ean, adibidez, 50 guraso eta irakasle elkartu ginen hemen: egun pasa egin genuen elkarrekin, eta kanpaldi osoa muntatzeko lanetan aritu ginen.
Kanpaldia amaitzean ere laguntzen dute. Amaiera baino egun bat lehenago, guraso talde bat etortzen da desmuntaketa lanekin hasteko, eta gaua Kanpezun igarotzen dute. Azken egunean, gurasoen beste talde batek hartzen du lekukoa eta desmuntaketa amaitzen du.
Esperientzia ikaragarria izaten da: gurasoak beste modu batean ezagutzeko aukera ematen du, eta oso harreman ona sortzen da gurasoen, hezitzaileen eta arduradunon artean.
Zein dira udaleku hauetan ikasleek lantzen dituzten balioak?
Euskara da lantzen den balio nagusienetako bat. Azken finean, haur eta gazteak eskolatik datoz, eta eskolaren helburu nagusietako bat da euskararen erabilera sustatzea.
Bestetik, elkarbizitza ere oso presente dago. Aurten, adibidez, berriro bultzatu dugu bosgarren eta seigarren mailako ikasleek oporraldia elkarrekin egitea, elkarren artean ezagutzeko eta errespetua lantzeko.
Beste bat, pertsona bezala heztea, autonomian. Haur eta gazteak gurasoen laguntzaz baliatzen dira egunerokotasunean. Udalekuetan, beraiek topatu behar dute egunero jantzi beharreko arropa, beraiek jantzi behar dira, beraiek kendu behar dute arropa, dutxatu eta abar. Gaitasun horiek garatzea funtsezkoa da.
Azkenik, Kanpezu ingurune naturalean kokatuta dagoenez, naturarekiko errespetua eta naturan bizitzeko ohiturak lantzea ere balio garrantzitsuen artean dago.
Instagramen udalekuaren jarraipen zuzena egiten duzue. Zer nolako garrantzia du sareak horrelakoetan?
Kanpezun kobertura gutxi daukagu, eta haur eta gazteek gurasoekin izaten duten hartu-eman bakarra eskutitz bidezkoa izaten da. Gurasook, askotan, urduri jartzen gara gure seme-alabak egun askotan guregandik urrun daudenean.
Horregatik, Instagram erabiltzen dugu modu errazean argazkiak partekatzeko, gurasoek euren seme-alaben jarraipena egin dezaten. Eguneroko ekintzak igotzen ditugu: haur eta gazteak oro har irribarretsu agertzen dira argazkietan, eta horrek gurasoak asko lasaitzen ditu. Lasaitasuna eta konfiantza ematen die, eta, aldi berean, udalekuaren bizipenak gertutik jarraitzeko aukera eskaintzen die.
Nola animatuko zenuke haur edota gazte bat udalekuetan parte hartzera?
Esperientzia izugarria biziko dutela esanez. Udalekuak abentura bat dira, eta abenturak bizi egin behar dira. Esperientzia ezberdinetan, ondo pasa edo gaizki pasa, beti dago ikasketa bat, eta horrek pertsona bezala hezteko aukera zabaltzen dizu. Normalean, etortzen direnek berriz errepikatzen dute, eta hori seinale ona da.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 675 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.