Juan Luis Zabala Artetxe (Azkoitia, 1963) kazetari eta idazleak eta Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin (Donostia, 1967) komikilari eta ilustratzaileak beren literatur-sormenak batu eta Memoriaren ibaia komikia argitaratu dute azken aldian, Denonartean argitaletxearekin.
Eider eta Arkaitz dira komikiak kontatzen duen historiaren protagonistak. Andoaingo Renfeko tren geltokira iritsi, eta hortik aurrera Leitzaran bailara bizikletan zeharkatzeko asmoz dira, Plazaolako trenbide zaharrean barrena. Natur giroaz gozatzeko txangoa behar zuena izan, gogoetarako aproposa bilakatzen zaie. Feminismoan eta ekologian, injustiziaren aurka eta gizarte bidezko eta bizigarriago baten aldeko borroketan ibilitakoak dira biak ere, eta hortik doaz bere hizketaldiak. Ez dira damu egindako ibilbide militanteagatik, baina ez dituzte ahazten militantziaren alde ilunak. Horretan direla, Leitzara iristerako ezusteko latza biziko dute. Ipuingiro kultur programazioan barnean, uztailaren 8an aurkeztu zuten Memoriaren ibaia bi egileek, Plazaola kaleko parkean. Liburuaren gaineko sormen-prozesua eta bere ezaugarri literario eta artistikoa izan zituzten mintzagai ekitaldian barrena batik bat, baina hartu zuten denbora literaturgintza, komikigintza, gidoigintza eta sortzaileekin zerikusia duten beste hainbat gai jorratzeko ere.
Militantzia gogoetagai
Ekitaldiren hasieran, Mattin, ikusleen begiradapean, marrazkien sorkuntzan murgildu zen bitartean, Zabalak, komikiaren sorkuntzan lehen urratsak azaldu zizkien entzuleei. “Sinesten dut idazleak behar duen bakardadean, baina baita elkarlanean ere, sormena tarteko denean. Eta erronkatzat hartu nuen Mattin komikiaren proposamen tentagarriarekin etorri zitzaidanean”.
Leitzaran bailara eta bizikleta ibilaldia ziren Mattinek Zabalari mahai-gainean jarri zizkion abiapunturako bi ideiak. Hortik joan zen eboluzionatzen gidoia, komikian mamitu zedin. “Leitzaran aipatze hutsarekin nire oroitzapenak militantziarekin lotzen direnez, bide hori urratu nahi izan nuen. Baina ez nion heldu nahi izan atzera begira jarrita, maiz hartzen den joerari, alegia, ikuspegi epikoari, mitikoari. Nahiago izan nuen ikuspegi autokritikoa. Bizitzan aurrera egiten duzun heinean ikuspegia zabaltzen, aldatzen... doakizun horretatik”.
Militantziaren ideian sakontzen segi zuen idazleak, eta bere argiak eta ilunak aipatu zituen Zabalak. “Egia da beharrezkoa dela militantzia, baliagarria delako gauzak aldatzeko, eta besteak beste, elkartasuna eta gizakien arteko konexioa sustatzen duelako. Baina irudikatzen dena baino konplexuagoa da, eta baditu hain gozoak ez diren alderdiak, kanpora begirakoak zein pertsonalagoak; eta horri heldu nahi izan nion gehiago”.
Lemoiz, AHTa, Leitzaran...
Euskal Herrian aski ezagunak diren zenbait gizarte-dinamika ekarri zituen gogora Zabalak, militantziaren argiak eta ilunak zehazteko orduan. “Esango nuke eredugarria izan zela zentral nuklearren aurkako borroka, garaipen baten oroitzapena geratu zaigu eta gogoan. Gaztetxeen irekitzeek ere oroitzapen pozgarriak dakarzkigu; nire sorterrikoak, Azkoitiakoak, esate batera, gauza asko aldarazi zituen herrian. Abiadura Handiko Trenaren aurkakoa, berriz, marjinala izan zen hasieratako mobilizazioak, baina gaur egun, ikusita zein absurdoa den bere inguruko guztia, bere naturaren txikizioarekin, atzerapenekin eta joko politikoekin, oroitzapenak ez direla hain txarrak. Iruditzen zait Leitzaranek eragiten dizkidala oroitzapenik gatazkatsuenak, niri behintzat”.
Nolanahi ere, argi utzi nahi izan zuen komikiak zabaldu nahi duen mezua ez dela identifikatu behar “damuarekin edo kritikarekin, oroitzapen zintzoarekin, baizik”.
Arkaitz eta Eider ageri dira komikiko pertsonai bakar gisa, kontakizunean; “Leitzarango autobiaren aurkako borrokan aritua da Arkaitz, eta feminismoan Eider. Nor bere tokitik, militantziari lotutako bizipenak partekatzen dituzte; onartzen dituzte alderdi ilunak, baina errealitatea nolakoa den ikusita, borrokak zentzua izaten segitzen duela uste dute”.
Zabalak gaineratu zuenez, bikotearen abenturari, zientzia fikzioaren osagaia itsatsi nahi izan dio. “Fikzioarekin lotutako etorkizuna ageri zaie biei, adimen artifizialak eta zibermunduak agintzen duten mundu bat, non murriztuta dagoen gizakiaren ahalmena”.
Dena esatera, Zabalak ez zuen mezu itxaropentsuegia zabaldu, Plazaola kaleko parkean egindako liburuaren aurkezpenean. “Mattin eta biok elkar ezagutu genuen garai haietan (gaztetxeen sorrerak, Egunkaria...) gertuago ikusten zen borrokaren indarra eraldaketarako. Egun, edozein erakunde publiko edo alderdi politiko ofizialetatik datozen argitalpen eta diskurtsoetatik noiznahi zabaltzen da eraldaketa sozialaren kontzeptua. Sistemaren kontrako ezkerreko mugimenduetan ez dago Francoren garaian edo ondorengo urteetan zegoen batasuna; izugarrizko atomizazioa dago, handiak dira elkarren arteko diferentziak, eta, nik behintzat, galdua dut eraldaketa sozialarekiko itxaropena”.
Mattinen bapateko marrazkiak
Mattinek sei marrazki egin zituen Juan Luis Zabala hizketan aritu zen bitartean. Zabalak hitza pasa zionean, haien gaineko azalpenak eman zizkien entzuleei.
Marrazkietan, Mattinek hainbat elementu bildu zituen modu irudimentsuan, hala nola, zuhaitza, tren-bidea, hostoak, erlojua..., eta horiekin batera, hainbat irudik marrazkien espazioa okupa zezaten saiatu zen.
“Ekitaldi honetan arrapaladan etorri zaizkidan ideiak marrazten saiatu naiz”, esanez ekin zion hitzartzeari Mattinek. Eta bigarren marrazkiari begira, hona zer esan zuen: “Memoriaren ibaia izenburuarekin lotuta egingo nukeen lehenbiziko gogoetak gizakien burmuinarekin du zerikusia; bizpahiru hitz eman, eta bere gisa hasten baitzaizu lanean. Demagun ura eta ama eman dizkiodala oraintxe. Eta hara non, dolua, jatorria, iluna... izan dira gaur ekarri dizkidan ideiak marrazteko”.
Marraztu zuen orratzik gabeko ordulariaren esanahaia azaldu zuen, segidan. “Errepikakorra da denboraren joana, gizakien gogoeta-gaien artean. Askotan galdetzen didate zenbat denbora pasa ote dudan holako edo halako marrazkia egiten; orduantxe dauzkadan urteak, erantzuten diet nik. Sorkuntza, ibilbide baten emaitza baita”.
Trenbidea, zuhaitzak, otea, hostoak... bildu zituen beste marrazkietako batean. “Marrazkilaritzarekin du lotura nire jatorriak. Marra zuri-beltzak egiten nituen iraganean, mezu aldarrikatzaileak transmititzeko. Urjentziaz, arrapaladan egindako lanak izaten ziren. Umorezko aktualitatezko binetekin, esate batera, karikaturak edo elementu bakanak agertzen ziren (polizia, ikurriña...); paisaiarik, apenas. Gerora etorri ziren margolari lanak, koloreak landu beharra, besteak beste”.
Alde horretatik, Memoriarnen ibaia komikia erronka bilakatu zaiola aitortu zuen Mattinek. “Paisaia irudikatu beharrak buruhausteak ekarri dizkit; esate baterako, Txapela ze kolorerekin marraztu? Arlo horretan sakontzeko, koadernoa hartu, eta Leitzaranera joan nintzen maiz. Oharrak hartu, marrazkiak egin eskuz...”. Komikia irakurri duen batek baino gehiagok aitortu dit Leitzarango hainbat paraje identifikatu ahal izan dituela bertan. Pozten nau hori entzuteak”.