Olagaineko txistulariek Errenteriako Txistularien Alardean parte hartu zuten

Aiurri 2025ko uzt. 21a, 15:30

Josune Orbegozo eta Iñaki Aizpurua txistulariak, Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi abeslariekin, Errenterian atzo (Argazkia: Iñaki Aizpurua)

Madalena jaien iragarle den Errenteriako Txistularien Alarde sonatuan parte hartu zuten Olagain Udal Txistulari elkarteko kideek atzo, azken zazpi urtetan egin izan duten eran. Josune Orbegozok eta Iñaki Aizpuruak ordezkatu zuten Andoaingo elkartea, hain zuzen. 

Orain 20 urte bikote gisa eszenategiak utzi zituzten Alaitz eta Maider abeslariak izan dira gonbidatu bereziak 2025eko Alardean, eta emanaldi osoa bukatu ondoren, Andoaingo bi txistulariekin argazkia ateratzeko tartea hartu zuten.

Alaitz eta Maider musikari oiartzuarrek Euskal Herriko plazetan hain ezagunak egin zituzten Ispilu aurrean, Amets bat, Diruaren pasarela, eta, Txanpon baten truke biziberritu zituzten, eta horretarako, bidelagun izan zituzten Euskal Herri osoko dozenaka txistulari, Zumardi plazan.

Azpimarratzeko ere bada Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa lau aldiz irabazia duen Izar Inbuluzketa elizondoarra izan zela kontzertuko hirugarren gonbidatu berezia.

Bestalde, alardea Errenteriako hainbat kulturgileen parte-hartzearekin aberastu zen; hala nola, Jare Anzisar eta Julen Olaizola Xenpelar Bertso Eskolako kideak, Ereintza Dantza Taldeko kideak, Zaria Abesbatza, edota Errenteriako Maialen eta Xanti erraldoiak eta buruhandiak. Gipuzkoako ereserkiari ere eman zioten tokia kontzertuan, Ipuscoa izena lehengoz aipatu zenetik mendea aurten betetzen dela eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!