Maider Lainezen ibilbide politikoa, irudi bidez

Jon Ander Ubeda 2025eko uztailaren 21a

Maider Lainez, 2019ko ekainean, alkatetza eskuratu berritan.

2011n abiatu zen Maider Lainez Lazcozen ibilbidea Andoaingo udal politikagintzan. Hamalau urteko ibilbidea irudi bidez laburbildu du Aiurrik.

2011 | Ibilbidearen hasiera

Lainezek zinegotzi-akta hartu zuenekoa, 2011ko ekainean.

Maider Lainezek zinegotzi-akta hartu zuen agintaldiaren hasieran. 2009-2011 urteetan Estanis Amutxastegik Josean Perez Gabarainen lekukoa hartu zuen alkatzetzan. 2011-2015 legegintzaldian, Bilduren legeztatzearekin batera, PSE-EE oposizioan izan zen.

2013 | Andoaingo sozialisten bozeramailea

Lainez eta udal ordezkari sozialistak, 2013an.

Estanis Amutxastegik sozialisten bozeramailetza utzi zuen eta Maider Lainezek egin zuen estreinaldia, kargu horretan.

2015 | PSE-EEko hautagaia Andoaingo hauteskundeetan

Lainez, Carrere eta Izagirre 2015eko hauteskunde-kanpainako debatean.

Maider Lainez PSE-EEren zerrenda-buru aurkeztu zen. Ana Carrerek irabazi zituen hauteskundeak baina kargu-hartze ekitaldia iritsi bitarte ez zen jeltzaleen botoa argitu. Lainezek eskura izan zuen alkatetza, izan ere, sozialisten eta jeltzaleen artean gehiengo osoa bazegoen. EAJ-PNVko abstentzio batek, ordea, koaliziorako aukerak zapuztu zituen eta bigarrenez hartu zuen kargua Carrerek.

PSE-EEko zinegotziak, kargu-hartze ekitaldian.

2019 | Andoaingo alkatea

2019ko ekainean, aginte-makila hartu berritan.

Bigarrenean, bai: PSE-EEren eta EAJ-PNVren akordioari esker, hauteskundeak irabazi zituen Andoni Alvarez oposizioan utzi eta Lainezek hartu zuen aginte-makila. Lau urtez Andoaingo alkate izan zen Maider Lainez Lazcoz.

2020 | COVID-19 garaiak

Lainez eta Izagirre jeltzalea, 2020an egindako agerraldietako batean.

Koronabirusaren aroa alkate postuan bizi izan zuen Lainezek. Argazkian, Udalak iragarri zituen hainbat neurri aurkeztu zituztenean.

2023 | Aginte-makilaren eskualdaketa

Alvarez Letek jaso zuen aginte-makila, Lainezen eskutik.

Andoni Alvarezek, Podemosen abstentzioari esker, aginte-makila berreskuratu zuen EH Bilduren alde. Argazkian, Lainezek aginte-makila Alvarezen esku utzi zuen unean.

2025 | Andoaingo sozialisten idazkari orokorra

Ekainean Andoaingo PSE-EEk sareetan zabaldu zuen irudia. Argazkia: PSE-EE.

Udaletxeko kargua utzi du, baina ohar bidez adierazi dutenez, Andoaingo PSE-EEko idazkari orokor postuan jarraituko du Lainezek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!