Egun, Maider Lainez PSE-EEren legebiltzarkidea da Gasteizen eta, udal ardurak utzi baditu ere, gogoratu zuen Andoaingo sozialisten idazkari orokor izaten jarraituko duela, “Andoain pasioz bizitzen segitzen baitut”.
Lainezek, emozioz beterik, denbora hartu zuen 14 urteko ibilbideari errepasoa egiteko, ikuspegi pertsonaletik. Nahiz eta hitzartzea gaztelaniaz egin ia erabat, euskaraz egin zituen lehenbiziko hitzak, eta zera adierazi zuen: “Ohorea izan da azken 14 urtetan zinegotzia eta batez ere zuen alkate izatea. Urte biziak eta gogorrak bizi izan ditugu, baina baita ere une zoriontsuak eta maitagarriak. Herri bizia, solidarioa, berdinzalea eta anitza, hori da gure Andoain. Harro nago andoaindarra izateaz, eta horrexegatik, gure herriaren izen ona leku eta erakunde guztietara eramaten saiatu naiz. Urte gogorrak bizi izan arren, elkarrekin Andoainen haztea eta aurrera egitea lortu dugu denon artean. Esker oneko hitzak besterik ez ditut, bizipen eta oroitzapen ahaztezinak eramango ditut nirekin. Bihotz-bihotzez, horrexegatik, mila esker Andoaingo herriari, eta zuei ere”.
Andoaingo herriaren etorkizuneko erronkak
Beste ezeren gainetik Andoaingo interesak defendatu dituela eta herritarren kezkak eta beharrak erdigunean jarri dituela adierazi ostean, Andoaingo herriak etorkizunari begira erronka askori egin beharko diola aurre gogorarazi zuen, “errepideak, etxebizitzak Etxeberrietan gainerako eremuetan, liburutegiak eta kiroldegiaren zabalkundeak interpelatzen gaituzten egitasmoak dira eta ezin dute gehiago espero”.
Bereziki errepidearen gaia hizpide harturik, mezua luzatu zien udaleko arduradun politiko guztiei: “Badakit gaur ez dela gai horien eztabaida pizteko, baina utzi idazue egiten hausnarketa horixe. Denok dakigu errepideak gaurko Andoain eta hurrengo 50 urtetako Andoaingo herriaren garapena baldintzatuko dituela, eta horrexegatik eskatzen dizuet izan dadila zuentzat luzerako begirada edukitzea, anbizioa edukitzea eta Andoain lehenestea zuen jokabidean. Holaxe egin nuen nik alkate gisa, eta gure jarrera bateratuari esker -frogatu ahal izan den bezala-, lortu genuen C2 proiektua kaxoian gera zedin”.
Esker oneko hitzak
Ondoren, eskerren atalari heldu zion, eta jende ugari hartu zuen gogoan horretarako. Hots, senitartekoak, udal langileak, hasierako eta oraingo udalgintzako kide sozialistak, gainerako alderdietako zinegotziak (modu berezian aurreko legealdian gobernukide izandako EAJkoak), komunikabide eta argazkilariak, herriko elkarteak, eta batez ere, herritarrak.
Etorkizunean, legebiltzarrean, Andoain jomugan edukiko duela baieztatu zuen. “Andoaingo ongizatearen eta aurrerabidearen alde lan egingo dut bereziki, Andoain herririk hobena izan dadin. Nahiz eta zinegotzi-akta utzi gaur, Andoainekin oso lotuta segiko dut, izan ere maila organikoan Andoaingo idazkari orokorra izango naiz”.
Bukatzeko, udaletxean bera nola gogora zezaten nahi lukeen, aitortu zuen. “Emakume langilea eta sutsua naiz; eta exijentea ere bai, lehenbizi nire buruarekin, eta ondoren udalean lan egiten dutenekin. Badakit zuetako askok hori baiezta dezakezuela. Urte hauetan egindako lorpenak maitasun-begiradez gogoratzea nahi nuke, bai gobernutik eta baita oposiziotik. Eta barkazioa eskatu ere nahi nuke, egin ahal izan ditudan akatsengatik, eta baten bat mindua sentitu bada esan edo egin dudan zerbaitengatik. Kontziente naiz sinesten duzun horretan bihotza eta pasioa jarriz gero, batzuetan eragin ditzakezula eztabaida sutsuak eta komentario ez egokiak. Beti borondatez onez jardun dut, inor mintzeko asmorik gabe”.
Lainezek mintzaldia amaitu zuenean, udalbatza osatzen duten Andoni Alvarez alkatearen eta zinegotzi guztien txaloak jaso zituen.
Bestalde, atzoko udalbatzan PSE-EE alderdiaren bozeramaile izateko ardura modu ofizialean hartu zuen Aritz Alkainek ere hitz gozoak eta laudoriozkoak erabili zituen Maider Lainez alderdikidea agurtzeko orduan.