Aimar Perez andoaindarra munduko Kenpo kai txapelketan ariko da, Japonian

Aiurri 2025ko uzt. 28a, 09:30

Artxiboko irudia.

Abuztuko lehen hamabostaldia Japonian emango du andoaindarrak, Hamamatsu hirian egingo den munduko txapelketan.

Kenpo kai Kabutoken Andoaingo klubak ordezkaria izango du munduko onenen artean. Aimar Perez Lainez gazteak datozen egunotan egingo du bidaia Japonia aldera. Urtarrilean prestaketa osagarria jasotzeari ekin zion Oiartzungo Kenpo Kai klubean, lehiaketa maila gorenekoa izango baita. Andoaingo klubak, ohar bidez, Alain Isasa prestatzailearen adierazpenak jaso ditu: "Prestaketa guztia beharrezkoa da, txapelketa oso maila handiko lehiaketa izango baita. Japoniarrez gain, oso indartsuak dira Zeelanda Berria edo Nepal. Aimar gaztea prestaketa saioetan asko ahalegindu da. Ez dakit irabaziko duen edo ez, baina onena emango duela ez dut zalantzarik egiten”.

Japonia, erreferentziazko lurraldea

Arte martzial tradizionala da, munduko hainbat txokotan jokatzen dena. Hiru urtez behin Japonian jokatzen da munduko txapelketa, baina COVID garaia tarteko, aurrekoa urtebete beranduago eta Tunisian izan zen. 2023ko hartan Aimar Perezek urrezko bi domina irabazi zituen:

  • Udane Garciarekin batera, urrezko domina Juho Enbu modalitatean (binaka egiten den autodefentsa proba armarekin, 18 urte azpikoen mailan).
  • Urrezko domina Bogu randori modalitatean, 14-15 urte artekoen mailan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!