San Inazio egunez hasiko dira jaiak Goiburu auzoan. Hori bai, lehen eguna auzotarrentzat izan ohi da. Baserriz baserri, oilasko biltzaileak elkartu eta, eguerdian, bazkaria egingo dute. Egun osoko ospakizuna izango da, auzoan eta auzotarrentzat egiten dena. Ostegunekoa igarota, herritarrei eta festazaleei begira, jaiak ostiraletik igandera bitarte luzatuko dira.
Bus-zerbitzua, asteburu osoan
Andoaingo Udalarekin elkarlanean, Goiburura busez igotzeko eta jaisteko aukera dago. Txalaka pareko bus-geltokitik abiatuko da zerbitzua eta jaitsiera, berriz, jai-eremuko oholtzaren atzealdetik.
Otordu bikainak jaietan
Ostiral eta larunbat gauean, Euskal Parrillak egingo du afaria. Jaien hasierako otordurako txartelak dagoeneko salgai daude Txertotan eta Urratsen eta, larunbatekoak, txosnagunean eskuratu behar dira. Horrez gain, larunbat eguerdian eta igande iluntzean plazan afaltzeko aukera izango da. Txosnagunean aukera ederra dago, bertako parrillan prestaturikoa.
Desafioa, larunbat arratsaldean
Iaz, Adunako gazteak izan ziren gonbidatuak. Aurten, berriz, Sorabillakoak. Ikusmina ziurtatuta dago, jakinda, gainera, aurten Sorabillako jaiak berreskuratzeko bidean direla. Txingak, sokatira, koskol apustua... Larunbat arratsaldean hasita, parte-hartzaileek trebezia erakutsi beharko dute hainbat probatan. Hitzordu alaia eta bizia izan zen iazkoa eta, aurten ere, bide beretik joango da.
Erromeria, igande arratsaldean
"Helduak, gazteak, kalekumeak, haurrak... denok!" dantzari jarri nahi ditu Jai Batzordeak. Eta gorputza dantzan jartzeko musikariak honako hauek dira: Oier Baltzola eta Unai Andonegi, Imanol eta Leire Astiasaran eta Elustondo anai-arrebak. Ospakizuna biribiltzeko sagardo-dastaketa izango da. Aukera aparta da: GaztaÒaga, Mizpiradi, Irigoien, Petritegi, Zabala, Aburuza, Altuna, Oialume, Eguzkitza eta Alorrenea. Hori guztia gutxi ez eta auzotarrek egindako patata-tortilla pintxoak dastatzeko aukera izango da. Igande arratsaldea, beraz, agendan gorriz azpimarratzeko modukoa da.