Lansari Saharako haurrak gurekin egingo du uda, beste urte batez

aiurri 2025ko uzt. 29a, 21:06

Tindufeko (Mendebaldeko Sahara) errefuxiatuen kanpalekuetatik heldu den Lansari Iahdih Brahim 11 urteko gazteari ongi etorria egin diote udaletxean, arratsaldean. Uda igarotzeko besoak zabaldu dizkion Tedone Moreta familiak, udal ordezkariek eta Hurria-Sahara elkarteko kideek hartu dute parte ongietorri ekitaldian. Harrera-ekitaldia, bideoz ikusgai: 

Iragarrita zegoena baino bi aste beranduago iritsi dira haurrak aurten, Marokoko gobernuak jarritako trabak direla medio. Aurtengo udari begira, EAEn Saharako 200 haur hartu dituzte, Nafarroan 100, eta estatuan 3.000 denera.

Lansari Iahdih Brahim abuztuaren amaiera arte igaroko du uda, ‘Oporrak Bakean’ kanpainaren baitan. Laugarrengo urtez segidan, Tedone Moreta familiarekin egingo du egonaldia; alegia, Yune Moreta eta Cruz Tedone bikotearekin eta horien semea den sei urteko Hugorekin.

 

 

Lansari haurra, Tedone Moreta familiarekin

Yune Moretak adierazi duenez, Lansarekin ondo moldatu izan dira aurreko hiru urtetan, “elkar ondo ezagutzen dugu (nortasuna, nahiak, gogoak, kezkak…). Zeharo jatorra da mutila, familiako beste kide bat gehiago balitz bezala hartzen dugu, eta sekula ez da izan sakrifizioa guretzat Lansarikin parterkatzea uda, alderantziz baizik”.

Moretak mezua zabaldu du, familia gehiagok har ditzaten Saharako haurrak. “Gure kasuan, bi baldintza betetzen ditugu, errazago har dezagun haurra. Batetik, Hugo semea daukagu; zazpi urte ditu, eta Lansari eta biak ederki asmo moldatu izan dira urtero. Bestetik, denda daukat Kale Nagusian, eta abuztuan irekita edukiko dudanez, bertan edo kale-inguruan jolasean-eta ibiltzeko aukera edukiko dute biek. Ulertzen dut erraza ez dela kontua, ze familia bakoitzak bere egoera bizi baitu. Udan gero eta jende gehiagok egin behar izaten du lan, eta alde horretatik, zailtasunak izan ditzakete moldatzeko haur batekin udan. Nolanahi ere, nik gomendatuko nuke Saharako haur bat hartzera, merezi du bizipenak”.

Bestalde, Moretak aitortu du ez duela batere gogoko entzutea solidarioak direla eta karitatezko ekintza burutzen ari direla. “Lansari gure etxean hartzen dugunean, azkenean, elkarrekin ari gara irabazten. Gure familiarentzat oso bizipen aberasgarria izaten da berarekin pasa ohi dugun uda; senarrak, semeak eta hirurok asko ikasten dugu bestelako kultura, ohiturak, hizkuntza… dauzkan haur batekin asteak igarotzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!