Aimar Perez gazteak munduko txapelketa irabazi du Kenpo Kain kirolean

aiurri 2025ko abu. 11a, 21:18

Aimar Perez Japonen irabazitako dominarekin eta garaikurrarekin (Argazkia: Perez Lainez familia)

Aimar Perez Lainez gazte andoaindarrak munduko txapelketan urrezko domina irabazi du, Randori Youth Class izeneko modalitatean, Kenpo Kai kirolean. Japoneko Hamamatsu hirian jokatu da txapelketa joan den asteburuan, eta onena izan da bere mailan Kabutoken Kenpo Kaiko kirol taldeko gazte kirolaria.

Aimar Perezek lehendik ere badaki zer den mundu mailako dominak kolkoratzea. Izan ere, Tunisian 2023an jokatu zen txapelketan, urrezko bi domina irabazi zituen. Hain zuzen, Udane Garciarekin batera, Juho Enbu modalitatean (binaka egiten den autodefentsa proba armarekin, 18 urte azpikoen mailan) eskuratu zuen dominetako bat. Bigarren urrezko domina, Bogu randori modalitatean, 14-15 urte artekoen mailan irabazi zuen.

Eraso eta defentsa askeko partida jokatzen da Randori Youth Class modalitate horretan. Kenpo Kai Japoniako diziplina tradizionala da; karate, jiu-jitsu eta judoaren osagaiez konbinatzen ditu kirol horrek. Defentsa pertsonalean oinarritzen da, eta egokitzapen fisiko zorrotza eskatzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!