Sorabillako gazteak, bejondeizuela!

aiurri 2025ko abu. 30a, 10:24

Sorabillako jaiek aro berri bati ekin zioten atzo, auzoko gazteez jositako Jai Batzordearen eskutik; bikain asko ekin ere, eta luzerako izango dela aldi berri horri ematen du, ikusita gazteek atzokoan erakutsi zuten gogoa eta ilusioa. “Aurreko Jai Batzordeki kideek lekukoa eman ziguten auzoko gazteoi, eta guk aurrera jarraitu dugu, ilusioz, txikitan hainbeste gustatzen zitzaizkigun festei berriz ere bizia emateko asmoz” adierazi zuten, besteak beste, pregoian.

Xabier Alkortak eta Iraitz Zabaletak Elizondo etxeko terrazatik egin zuten pregoiak eta itxarefoak eman zien hasiera jaiei, ofizialki. Hartaz gero, arratsaldean, Gora Kaletxiki txarangak emanaldi dotorea eman zuen eta Iturzaeta memorialeko pala txapelketako finalen errebantxak jokatu zituzten (argazki-sorta eta sari-emate ekitaldia, ikusgai web orrian).

Elizaren arkupetan egin zuten auzo-afariarekin eta Itzal taldeak girotu zuen erromeriarekin (argazki-sortako irudiak, taldeak utzitakoak dira) eman zioten amaiera atzoko lehen jai egunari.

Gaurko, honako egitaraua prestatu dute:

11:00. Artisauen azoka eta haur jolasak.

17:00. Desafioa, herri kiroletan: Goiburu-Sorabilla.

18:00. Bertso-saioa. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Nerea Elustondo eta Ane Labaka Mayoz. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.  

21:00. Zikiro jatea. Urdaiazpikoa, txorizoa, saltxitxoia, entsalada mistoa, zikiroa eta gazta-tarta. Txartelak salgai Elizondo eta Txuri Beltz tabernetan. 34 euro (abuztuaren 28a, ostegunearekin, azken eguna).

11:30. Kontzertua Herenegun taldearekin.

Ondoren, musika Stri Nain eta Drims DJekin.

 

“Sorabilla” eta “Joxe Mari Iturzaeta” abestiak

Gora Kaletxiki txarangako musikariek, emanaldiari ekiteko, Sorabillari estuki lotuak dauden bi abesti interpretatu zituzten, Joxe Mari Oiartzabal zuzendari zutela: “Sorabilla” eta “Joxe Mari Iturzaeta”.

Doinu eta hitz dotoreen jabe dira biak ere, Joxe Mari Oiartzabal musikariak konposatuak, eta Aitor Mendiluze bertsolariak hitzak jarrita.

“Sorabilla”

Belkoainen magala,

altzo goxoena,

Oria ibaiak urez

osatzen duena.

Bertan auzo bat dago

herri izan zena,

sortzetik Sorabilla

du bere izena

datorkionarentzat

irekitzen dena.

 

Oria zeharkatzeko

zituen zubiak.

Azelain printzipala

eta beste biak.

Errotak, tolarea

eta karobiak.

Leizarandik zetozen

mehatze gurdiak,

denak gordetzen ditu

bere memoriak.

 

Guzti honen testigu,

begirale isil,

Belkoain makurtzen da

beregana umil.

Iragana urrun du,

izan zena hurbil,

eta izango dena

eraikitzen dabil,

herri sentimentua

inoiz ez baita hil.

 

Beste edozein herri

baino herriago,

nortasun bizia du,

berea zeharo.

Eta nortasun hori

hitzetik harago,

sorabillatarrengan

zegoen lehenago,

gaur "Sorabillatarren

Bihotzean" dago.

 

“Joxe Mari Iturzaeta”  

Pagoak erantzuten

dio harriari

eta kolpeen hotsa

entzuten da argi.

Ia pentsa daiteke

ez ote den ari

pilota ere zuri

deika Joxe Mari.

 

Hiru hormen munduan

agintari goren,

bat gehiago bertatik

atera ondoren.

Horrek erakusten du,

denetan ondoen,

oroimenean zenbat

gordeta dagoen.

 

Ezker eskua beti

pilotaren bila,

eskuinak agur goxo.

Etxeko, hurbila,

izan zarena gugan

geratu dadila.

Beti zordun izango

zaizu Sorabilla.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!