Uda Giroan zikloak jarraipena izango du, asteburu honetan hasita

Aiurri 2025ko ira. 1a, 12:17

Uztaileko eta abuztuko emanaldien ostean, larunbat honetan kultur zikloak jarraipena izango du Zumea plazan. Bertan “Des(a)nuda” ikuskizuna eskainiko du Maitane Sarralde dantzariak.

Dantza garaikidea eta zintzilikatutako dantza uztartzen dituen proposamen eszenikoa da “Desanuda”. Ikuszirkus zikloaren lehen emanaldia izango da, gainera. Honatx, egilearen aurkezpen-txartela: “Korapiloari buruzko gogoeta poetiko honek, hutsaren aurrean biluzteko gonbidapena dakar. Airean dagoen egituran eta bertatik zintzilikatutako elementuak manipulatuz, grabitatea desafiatzen duten gorputzak ikertzen ditu lan honek. Penduluaren joan etorria, pisuaren zama, korapiloaren estutasuna eta honek sortzen duen ezegonkortasunekin topatuz”. Soka mutur askearen bila dabilen gorputz korapilatua topatuko du ikusleak.

Ikuskizuna arratsaldeko 18:00tan hasiko da Zumea plazan. Doakoa da sarrera.

Ikuszirkus, irailean

Garai batean Gabonetan egiten zen eta azken urteotan datak aurreratu egin dituzte. Otietakoaren ostean, beste bi emanaldi jasoko ditu Ikuszirkus zikloak: “Ardatzak” malabare-saioa, irailaren 13an, Goikoplazan; eta, “Leinu” zirku-emanaldia, irailaren 19an, Bastero Kulturgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!