Auzoko gazteek (auzoan bizi diren 17-25 urte bitarteko gazte gehien-gehienak) hilabeteak zeramatzaten Sorabilla Jai Elkartea biltzen eta talde giroa goxatzen, administrazioarekin premiazkoak diren gestioak egiten, egitaraua osatzen... Eta azkenik, joan den asteburuan bistaratu zaigu hilabeteetan isilean eramandako ekimenaren emaitza.
Egunak igarota, aurreko asteburuan bizitakoa zergatik ez izendatu Andoaingo gizarte eta kultur dinamikan urteko albisterik azpimarragarriena? Izan ere, "gaurko gazteak, herriko bizitzan inplikatzen al dira, ba?” maiz entzun –eta denok ere ahoratu– izan dugun gutxiespeneko kopla horri matraileko galanta eman diote, alajaina!
Auzolana, komunitate-nortasuna eta festa elkar-gune eta goza-gune izateko gogoa ardatz hartuta, munduko ilusiorik eta motibaziorik handierarekin jardun dute gazteek egunotan, Sorabillako jaiak gogoangarriak gerta zitezen auzotarrentzat eta kanpotik hurbiltzekoak zirenenentzat. Datorren irailaren 8ko
goiz festa txikia –meza, Alberto Agirrek abestuta, eta hamaiketakoa– geratzen zaie, baina bikain batekin gainditu dute estreinaldia, egia esanda. Bistakoa da etorkizuna badutela Sorabillako jaiek.
Nolanahi ere, ezin aipa gabe utzi administraziotik edukitzen ari diren traba burokratikoak. Gezurra dirudi, herritik abiatuta, herriarentzat eta musu-truk lan egiteko prest dauden herritar-taldeari halako behaztopa etsigarria jartzea...
Zenbateko sinesgarritasuna eman, gero, “Euskadi, auzolana” leloarekin ez asko egin izan den publizitate kanpaina ofizial autokonplazienteari?
Ondo pentsatzen jarriz gero, eta ikuspegi baikorrari helduta, esan beharko Sorabillako gazteei bikain etorriko zaiela azken hilabeteetan pilatu duten eskarmentua, datozen urtetan sortuko zaien buruhausteetarako prest egon daitezen. Besteak beste, herri dinamikak kaltetzeko sortua dela dirudien TicketBai sistemaren ezarketa.