Argazki-sortako lehen irudian, programako zenbait parte-hartzaile ageri dira, Ondarreta auzoko horma edertzen ari direla, Maialen Arozenarekin. Ezkerretik hasita, Leire Otegi, Fatima Drider, Espe Roig, Oihane Lezama, Maialen Arocena, Laila Makaoui, eta, Janet Johnson.
Programak, artearen bidez, hiri-eremua biziberritzeaz eta edertzeaz gain, emakumeen prestakuntza eta enplegua sustatzea ditu helburu. Alde horretatik, badauka ikuspegi sozial eta integratzailea, emakumeen ahalduntzea eta lanerako ibilbideak bultzatzen duen heinean.
Lanbide (Euskal Enplegu Zerbitzu Pulbikoa) eta Andoaingo Udalak bultzatzen dute egitasmoa, eta lan-orientazioko eta aholkularitzako zerbitzuak, gaitasun profesional eta pertsonalen garapena eta enplegua sustatzeko ekintzak uztartzen ditu.
Era horretan, parte-hartzaileek lanaldi partzialeko (75%) aldi baterako lan-kontratuak sinatu dituzte, sei hilabeteko iraupenarekin.
Bigarren ekinaldia da oraingo hau, izan ere 2024an ere beste zortzi emakume aritu ziren egitasmo berberarekin. Hainbat horma-irudi sortu zituzten orduan Andoaingo hainbat gunetan: KZguneko kanpoko horman, kiroldegian eta gazte-lokalean, besteak beste.
Bi aste barru, programaren amaiera
Bigarren edizio honetan, besteak beste, honako hormetan egin dute lan: Extremadura kalea (etxola elektrikoa), Galardi Haurreskola (etxola elektrikoa); Urigain etxe ondoko bide berdea (etxola elektrikoa), Gazte Lokala (joko eta estetika-aretoa); Ondarreta Herri Eskola (jolas-guneko hormak); Leizaur parkea (pista nagusia eta atletismoko pista txikia).
Zortzikoteari bi aste geratzen zaizkio programari kito esateko, eta denbora horretan, bi horma margotzeko konpromisoa hartu dute: Ondarreta auzoko horma (baserriak eta natura), eta Arrate pilotalekua (2025eko urtarrilean zendu zen Xabier Mujikaren silueta).