Zer moduz amaitu zenuten joan den ikasturtea?
Gutxi gorabehera, bai Andoaingo euskaltegiko ikasleak, bai Tolosaldekoak kontuan hartuta, izan ere, gela desplazatuak ditugu, guztira, 245 ikasle izan genituen. Ondo baloratzen dugu. Kopuru polita dela iruditzen zaigu. Iaz, oso giro ona eta sanoa sumatu genuen, bai ikasleen artean, bai irakasleen artean. Gainera, askotariko profiletako ikasleak gerturatzen dira gurera eta inportantea da ikustea hasierako mailetan badela jendea, hurbiltzen dela. Ez direla, soilik, titulua ateratzera datozenak, profil hori ere badaukagu eta.
Uda sasoiko atsedenaldia eginda, indarrez eutsi al diozue iraileko txanpari?
Klaseei ekin aurretik matrikulazio-garaia eduki ohi dugu. Lan txukuna egiten ahalegintzen gara. Irailaren 23ra arte izango dute aukera herritarrek izena emateko eta urriaren 1arekin hasiko ditugu klaseak.
Zein eskaintzarekin egingo du topo, euskara ikasteko asmoz, zuengana gerturatzen denak?
Maila guztietako aukerak izango ditu, A1etik hasi eta C2 mailara bitarte. Ordutegiak eta maila kontuan hartuta, talde bat egokituko zaio ikasleari. Autoikaskuntzarako aukera ere izango da: programazioa eta lanak etxean bideratzen ditu ikasleak, baina astean behin aurrez aurreko tutoretza bat izango du, baita mintza-saioa ere, ahozkoa praktikatzeari begira. Pertsonalizatuagoa da, ordutegiekin arazoak dituztenentzat aukera aproposa. Dena dela, modu presentzialean etortzen denak probetxu handiagoa ateratzen diola iruditzen zaigu, talde-giroa edo parte-hartzea sortzen delako. Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen ditugu, hiru hilabetez behin. Ez da bakarrik teoria ikastea, euskal kulturan sartzea ere bada.
Udalarekin elkarlanean gabiltza, merkatarientzako ikastaroa ateratzeko eta ea guraso-taldeak ere ateratzen ditugun, azkenaldian kosta egin baitzaigu gurasoak euskaltegietara gerturatzea. AISA ikastaroa ere egongo da aukeran, atzerriko jatorria duten herritarrei begira. Era berean, etorkinak ohiko taldeetan sartzen ahalegintzen gara, onuragarria baita halako bereizketarik egin gabe denak talde berean egotea. Azkenean, hizkuntza ikastea da helburua. Egia da, batzuetan, behar bereziagoak izaten dituztela, batez ere, etorri berriak direnek. Baina hemen pare bat urte daramanak ere har dezake AISA ez den hasierako mailako ikastaroa.
Ikastetxeetarako aipagarria da, La Sallerekin elkarlanean bigarren urtez antolatuko dugu 16-18 urte bitarteko ikastaroak, C1 maila indartzeari begira. Iaz, harrera oso ona izan zuen, lau talde egon ziren. Aurten ere, koordinazioa finduta, jarraituko du elkarlanak eta adin horretako nerabeek aukera izango dute. La Salleren kasuan, klaseak ematera joango gara, baina 16-18 urte dituen herritar orok hemen, euskaltegian, klaseak har ditzake eta dirulaguntzaz baliatu.
Mintzalaguna ere eskaintzen dugu. Batzuetan, bigarren planoan gelditzen den egitasmoa da. Euskaraz hitz egin nahi duen jendeari espazio ez formala eskaintzen dio ekimenak, klaseak hartu gabe. Andoainen ematen da herritarrek ez dutela ingurune euskaldunik, euskaraz aritzeko. Bada, horren bitartez, espazioa sortzen da, astean behin, euskaraz hitz egiteko. Bidelaguna izango dute, euskaraz txukun moldatzen dena. Aukera izango dute, hortaz, doan, klaseak hartu nahi ez, baina euskaraz aritu nahi dutenek.
Urtero bezala, diruz laguntzen zaie euskara ikasteko prozesuan matrikulatzen diren herritarrei.
Aurten badator HABEren dirulaguntza-sistema berria: ohiko prezioak baino merkeago izango dituzte euskara-ikastaroak. Iaz, A1 mailakoekin hasi zen eta, aurten A2koekin edukiko du segida. Bada pizgarria, maila baxuetan dabilena erakartzeko.
Iaz, Andoaingo Udalak A1 mailako ikastaroaren kostua beregain hartu zuen. Aurten ere, horretarako asmoa dago, herrian erroldatuta dauden andoaindarren artean. Gainerako mailetan, dirulaguntzak jasotzeko aukera dago, bi modutara: maila ziurtatuz gero, baldintza batzuk beteta, HABEk dirulaguntza ematen du. Bestalde, maila egiaztatzera iristen ez direnentzat edota baldintza guztiak betetzen ez dituztenentzat Andoaingo Udalak ere badu dirulaguntza. Kasu askotan, ehuneko ehunean finantzatzen dute.
Berezitasunen artean, ikasturte honetan, hain justu ere, iritsiko da berriro ere KORRIKA Euskal Herriko kaleetara. Urte berezia izaten al da euskaltegientzat?
Urte berezia izaten da, bai. Antolaketa aldetik, batez ere, urtarriletik martxora arte topera ibili ohi gara lanean, herrietan batzordeak antolatzen eta. Guk gure ikasleak inplikatzen ahalegintzen gara, eta ahal dela gonbidapena luzatzen diegu korri egin dezaten, nork bere herrian, bere lekuan... Urte emankorra izaten da, polita da jasotzen dugun emaitza. Urtetik urtera, geroz eta kilometro gehiago ari gara saltzen. Horrek islatzen du, benetan, egunerokoan, kalean dagoen egoera euskaren erabilerari begira? Beste puntu bat da hori. Irrika bihurtu da KORRIKA, data berezia herritarrentzat. Sistematizatuta dugu eta gu olatu hori aprobetxatzen ahalegintzen gara, euskalgintzara gertura dadin jendea. Azkenean, Euskal Herri euskaldun bat, hiztun aktiboak sortzea dugu helburu. Eta hiztun aktiboa da euskaraz bizi dena.
Interesa duenak nola eman behar du izena? Eta informazio gehiago nahi izatekotan?
Zuzenean euskaltegira gerturatzeko aukera dute herritarrek. Telefono-zenbakia (943 59 17 04/688 74 66 43) ere badugu, deitzeko edota mezua bidaltzeko, baita helbide elektronikoa (andoain@aek.eus) ere. Besoak zabalik jasoko ditugu herritarrak, anima dadila jendea!