Haserre agertu ziren pentsiodunak elkarretaratzean, Jaurlaritzak ekinaldi legegileari ezetz esan diolako

Aiurri 2025ko ira. 16a, 13:06

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako pentsioak osatzeko ekinaldi legegilearen (HEL) kontrako txostena egin du berriki, eta horrexegatik haserre agertu ziren Andoaingo Pentsiodunen elkarteko kideak atzo egin zuten astean biko elkarretaratzean. Bat egin dute Gipuzkoako Pentsiodunen Elkarteak Donostian larunbaterako egin duen manifestazio deialdiarekin; Boulebardetik 12:00etan abiatuko da.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pentsio txikiei osagarria emateko ekinaldi legegilea (HEL) aurkeztu zuen legebiltzarrean joan den maiatzean, 145.142 lagunen sinaduren babesarekin. Irailaren 1ean, berriz, herri ekinaldi legegile hori tramiterako onartzearen kontra azaldu zen Jaurlaritza,. Gauzak horrela, legebiltzarrak hilaren 25ean egingo duen saioan eztabaidako dute gaia, ekinaldiari tramiterako bidea eman ala ez, alegia.

Jaurlaritzaren ustez, ez da beharrezkoa osagarria sortzea pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko, badaudelako beste sistema batzuk pentsio txikienak igotzeko. Gaineratu duenez, ekinaldi legegileak finantza publikoaren kolokan jar dezake.

 

Txostenar, kritikagai

Jaurlaritzaren kontrako txosten hori izan zuten hizpide, atzoko elkarretaratzean, Goikoplazan: “Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzearen aurkako iritzia adieraziz hasten da. Bitxia da zortzi puntu eskaintzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak pentsiodunei diru-sarrera duinak bermatzen dizkiela frogatzen saiatzeari, eta bakar batean (9.a) soilik arrazoitzea HELak arriskuan jar lezakeela finantza publikoen iraunkortasuna”.

Adierazi zuten Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ez diola pentsiodunen errealitateari erantzuten. “Gizarte Segurantzan euskal herritarren 56.000 kotizaziopeko pentsio daude, gutxienekoetarako osagarriak jasotzen dituztenak, eta DSBEan 16.000 baino ez daude, kasu honetan kotizazio gabekoak barne. Zenbakiek dena esaten dute”.

Aldi berean, kritiko agertu ziren aurrekontuen atalari dagokionez: “Eusko Jaurlaritzak ez du xehetasun askorik eman nahi, horrela, besterik gabe, zenbait lerrorekin frogatutzat ematen du legegintzako herri-ekimenak arriskuan jarriko lukeela finantza publikoen jasangarritasuna. Gai garrantzitsua instant batean azaldua. Aurrekontuak ez dira gastuak, sarrerak eta gastuak baizik”.

Era horretan, diru-sarreren atalak duela garrantzia azpimarratu zuten: “Ikus dezagun gure erkidegoko zerga-bilketa. Azken 15 urteetan Sozietate Zerga %40 eta %14 artean murriztu da. Zerga hori oporretara joan da, opor fiskaletara. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta BEZaren artean, bildutakoaren %76,3 estaltzen dute, eta Sozietate Zergak %6,9 estaltzen du; gainerako %8a beste zerga batzuekin estaltzen da”.

Azkenik, Jaurlaritzari leporatu zioten herritarrak ez kontuan hartzea legeak egiterako orduan, “euskal gizarteari sinetsarazi nahi dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua nahastu egin dela eskaeraz eta leihatilaz. Bada, ez, ekimenarekiko 145.142 sinadurarekiko mespretxuarekin badakigu Eusko Jaurlaritzak legeak egiteko herritarren parte-hartzeari buruz egiten duen diskurtsoa hitz hutsala baino ez dela, marketin hutsa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!