Hamabi hilabete atzera, urteko sasoi honetan, “Andoaingo euskera, bihotzetik kalera!” izeneko kanpaina abiatu zenuten. Xedea, askoren artean, egoitza nagusia eskuratzea zen. Zein egoeratan dago euskara elkartea, behar hori asetzeko bidean?
Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren helburu nagusia Andoainen euskarari leku duin bat eskaintzea da, zentzu guztietan. Andoaingo euskaldun, euskaltzale eta euskara maite duten herritarrei espazio eta aukera berri bat eskaini nahi diegu eta herriratze prozesu horretan, herrian leku estrategiko bat bilatzen ari gara elkartean. Andoaingo erdigunean kokatu nahi dugu gure egoitza eta proiektua, mundu guztiarentzat irisgarria izan dadin eta baita ikusgarria ere; euskara gure altxorra da eta denon eskura jarri behar dugu.
Horregatik, orain arte gure egoitza osatzen zuten Dr Huitziko etxebizitzak saldu ditugu lokal berri bat erosi ahal izateko. Momentu honetan bi aukera ditugu begiz jota eta hauen azterketa egiten ari gara gure proiektua gorpuzteko egokiak ote diren jakiteko.
Komunikazio guztietan aipatzen duzuenez, elkarteaz harago, antzeman duzue behar eta gogo berezi bat. Zehazterik baduzue jasotako atxikimendua, denbora tarte honetan?
Azken denboraldi honetan eta burutu ditugun ekimenei esker, gehiago hurbildu gara herrira eta horrek asko lagundu digu herritarren beharrak eta nahiak zeintzuk diren jakiteko. Jendeak zoriondu egin gaitu egindako ekimenengatik eta horrelakoak behar direla adierazi digute. Horrek izugarrizko poza eta indarra eman digu aurrera jarraitzeko eta pentsatzen duguna baieztatzeko: alde batetik Andoain bizirik dagoen herria dela eta bestetik euskaraz bizi eta gozatu daitekela.
Diru bilketa egiten ari garen honetan, oso eskertuta gaude herritarrak modu anonimoan egiten ari diren ekarpenekin, izan antolatutako ekintzetan parte hartuz edo zuzenean diru dohaintzak eginez. Honetaz gain, jendeak bat egin du euskara gure kaleetan biziberritzeko erronkarekin, Bazkunako bazkide eginez.
Iaz, ekitaldi-sorta egin zenuten. Guztiaren gainetik nabarmendu zen azoka berezia. Jendetza hurbiltzea lortu zenuten.
Azoka izan zen, agian, azpimarratu beharrekoa. Zerbait berria eskaini nahi genuen eta, asko hausnartu ondoren, azoka antolatzeari ekin genion. Lan handia egin genuen egun hori lagun gutxi batzuen artean antolatzen. Oso argi genuen egun osoko ekimena antolatu nahi genuela adin ezberdinetako jendeari zuzenduta. Horregatik erabaki genuen adibidez tonbola bat antolatzea. Tonbolak adin guztietako jendea erakartzen du normalean eta Andoainen urte batzuk badira ez dugula horrelakorik izan. Oso polita izan zen helduek nola adierazten ziguten faltan botatzen zituztela euren gazte garaiko tonbolak eta guk ekarri geniela ilusioa.
Esan beharra daukat eskertzekoa dela tonbolarako produktuak debalde eman zituztenen laguntza guztia. Bestalde jatekoak eta edatekoak izan genituen izugarrizko erraztasunak eman zizkiguten Txomin Parrilari, Gaztañaga sagardotegiari eta Iker Etxebesteri esker. Bestalde, azokan postua jarri zuten saltzaileak ere gustura aritu ziren lanean. Aurtengo azaroan ere beste azoka bat antolatzea erabaki dugu eta horretan gabiltza jada. Izango duzue laister honen berri. Eguraldia lagun izatea besterik ez zaigu falta.
Egoitza berriak zein funtzio bete beharko lituzke?
Funtzio nagusia Andoaingo euskaltzaleak biltzea da, topagune berri eta bizi bat izatea. Egoitza berri honek aukera gehiago emango dizkigu bazkideoi Andoaingo herriari begira ekimen berriak antolatzeko jatorri guztietako andoaindarrentzat.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren egoitza berria erabilera anitzeko gune bat izatea nahi dugu, formatu txikiko emanaldiak eta ekimenak burutu ahal izateko. Bestalde bazkideon “laborategia” izango genuke, hausnarketak egin eta euskaraz sortzeko.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 677 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.