Makaldegiko arrapala mekanikoa datorren astean jarriko dute martxan

Aiurri 2025ko ira. 18a, 17:13

Konplexutasun handiko lana bihurtu da mantenuaz arduratzen den TKE elevator Andoain enpresatzentzat: tresneriaren atal konplexuenak berritu dituzte eta, egunotan, azken xehetasunetan lanean ari dira.

Azken xehetasunak, baina ez horregatik garrantzi gutxikoak. Malda pikoa du arrapalak eta penditza handia gainditu eta pisu handia jasan behar du. Arrapala mugitzeko tresneria eta hura martxan izateko heldulekuak, piezaz pieza, zehaztapen handiz jarri behar dituzte arazo gehiago eman ez ditzan.

Joan zen abuztuaren 22an matxuratu zen Gurutze Gorritik gora doan arrapala mekanikoa, inguru hartan dauden bietatik luzeena. Ia hilabeteko epea igarota, eta buruhauste handiak igarota, datozen egunotan martxan jarriko dutelakoan dira.

Aiurri harremanetan jarri da Andoaingo Udalarekin herritar askori zerbitzua ematen dion arrapalaz galdera egiteko. Diego Barrasa Zerbitzuetako zinegotziak lerrotan jasotako xehetasun guztiak eskaini ditu: “Matxura handia izan da, tresneriaren lorpenean, piezen muntaian eta martxan jartzean eragin duena. Mugikortasunaren ikuspegitik garrantzi handikoa da eta, maiztasunez, errebisio lanak egiten dira. Baina, esan bezala, tresneriaren transmisioan matxura izan zen. Pieza horiek guztiak Andoaindik kanpo konpondu behar izan dituzte. Muntaia lanetan ari diren teknikariak bertan dira, egunotan, baina lana ondo amaitzeko zehaztapen handiz ari dira lanean. Asteak igaro dira eta hobe da egun batzuk gehiago erabiltzea, irekiera berme guztiekin egin ahal izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!