Leizaran eskubaloiko denboraldi berriko taldeak aurkeztu dituzte Allurralden

aiurri 2025ko ira. 19a, 22:49

2025-2026 denboraldian Leizaran kluba ordezkatuko duten 12 taldeak, banan-bana aurkeztu dituzte Allurralden gaur arratsaldean, zaletuen txalo zaparraden artean. Lehiaketetako talde horiez aparte, iaz martxan jarri zuten eskolako alebinak eta benjaminak ere kantxaratu dira. Argazki-sorta eta bideoa, hemen:

Aipagarria da Leizaranek zenbateko jende kopurua mugitzen duen Andoainen. Zenbakiak argi mintzatzen zaizkigu: guztira, 205 jokalari (87 neska eta 118 mutil); iaz sortu zuten benjamini eta alebini begirako eskubaloiko eskolan, 67 (40 neska eta 27 mutil); 38 entrenatzaile (eskolakoak barne), eta, 20 laguntzaile klubeko arlo desberdinetan. Azkenik, zazpi lagunek osatzen dute zuzendaritza.

 

Hamabi talde, lehiaketetan

Hona hamabi taldeak: infantil neskak (Leizaran Urkabe), infantil mutilak (Leizaran Horia); infantil neskak (Leizaran McDonalds); infantil mutilak (Leizaran Oianume); kadete mutilak (Leizaran Txuria); kadete neskak (Leizaran horia); kadete mutilak (Leizaran horia); kadete neskak (Leizaran La Salle Berrozpe); kadete mutilak (Leizaran Camacho); jubenil neskak (Leizaran Javier Zeramikak); senior mutilak (Leizaran Ernio Inmobiliaria); eta, senior neskak (Leizaran Lanbroa).

Horietatik, hiru taldek, jubenil neskak, senior mutilak, eta senior neskak Euskal Ligan jokatuko duyte 2025-2026 denboraldian.

Ekitaldian barrena, Leizaran klubean sustatzen diren baloreak azpimarratu nahi izan dituzte, “eskubaloia kirola baino askoz gehiago da: bizi-eskola bat da. Batu egiten gaitu, barruan duguna ematera motibatzen gaitu, eta erakusten digu lorpenak talde-lanarekin, entrenamenduen diziplinarekin eta Leizaran Eskubaloiaren ezaugarri den ilusio eta esfortzu nahasketa horrekin bakarrik lortzen direla. Horregatik, gaur gure taldeak aurkezterakoan jokalari bakoitzaren talentua aitortzeaz gain, taldearen indarra txalotu nahi dugu, urtetik urtera haztea eragiten digun batasuna baita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!