"Txapelketetan onena ematen saiatzen naiz"

Xabier Lasa 2025ko ira. 21a, 08:37

Aimar Perez Lainez hamasei urteko gazte andoaindarrak defentsa pertsonalean oinarritzen den Kenpo Kaiko Munduko Txapelketako urrezko domina lortu du Hamamatsu hirian (Japonia) berriki, Randori Youth Class izeneko modalitatean.

Azpimarratzekoa da, munduko onena dela erakutsi baitu bere mailan, eta ez edonon, Kenpo Kai sortu zen lurraldean, Japonian, hain zuzen.

Zorionak, lehenengo eta behin.

Eskerrik asko!

Ez da edozer gauza izango Munduko txapeldun izatea.

Ba egia esanda, lorpen handia izan dela aitortu behar dut. Bizitzan bati inoiz ahaztuko ez zaion bizipen horietako bat izan dela esango nuke.

Probestu nahiko nuke aukera hauxe, eskerrak emateko txapelketaren aurretik eta ondoren lagundu didaten pertsona guztiei.

Kenpo Kai ez da oso kirol ezaguna gurean. Eduki al du oihartzunik zure garaipenak? Zoriontzera gerturatu al zaizu jendea?

Familia eta lagunak ez ezik, eskolako irakasleak ere etorri zaizkit zorionak ematera. Bestalde, Andoainen herritar ugari gerturatu zait. Oihartzun handia eduki du garaipenak, eta horrek ere poztu nau, ez baita oso ezaguna Kenpo Kai kirola, esan duzun bezala.

Kontatuko al zeniguke zer egin behar den munduko txapelketa irabazteko?

Egia esan, hiru borrokaldi oso zail irabazi behar izan nituen; hiru erronkei edo zailtasunei aurre egin behar izan niela, alegia. Batetik, txapelketako lehia bera; izan ere, maila handiko lehiakideak egokitu baitzitzaizkidan. Bigarrenik, Japonian jasan behar izan genituen baldintza klimatikoei (38-40 gradu bitarteko beroa, gehi %98-99ko hezetasuna); baldintza horietan, zure gorputza nekatua eta astuna sentitzen duzu etengabe. Gainditu behar izan nuen hirugarren zailtasun gisa, exijentzia maila horretako txapelketak eragin zidan urduritasuna aipatuko nuke.

Urduritasuna aipatu duzu. Nola egiten diezu aurre lehiaketei? Urduria izateaz gain, beharko duzu eduki kontzentrazio ona, diziplina..., iritsi zaren lekura iristeko, ala?

Oso pertsona distraitua naiz, eta egoten naiz urduri txapelketa aurretik. Horrexegatik, bakarrik egotea dut gogoko, hobe kontzentratzeko. Behin lehian murgilduta, nire onena ematen saiatzen naiz.

Tunisian Munduko txapelketan 2023an ere urrezko bi domina lortu zenituen. Orain, Japonian urrezko beste domina bat. Bi urte hauetan nola ikusi duzu zure burua, hobetzen, eskarmentua hartzen…

Etengabeko progresioa bizi izan dudala esango nuke, eta horrek asko lagundu dit munduko txapelketa berriro irabazteko. Bestalde, nire entrenatzaileek eta nire gurasoek eman dizkidaten aholkuak ere oso lagungarri egin zaizkit urte horietan. Gurasoek, batez ere esfortzuaren eta umiltasunaren balioek daukaten garrantzia transmititu didate.

Andoaingo Kabutoken Kenpo Kai taldean aritzen zara. Ze giro edukitzen duzue taldekide guztiek?

Primeran moldatzen gara guztiok ere, normalki. Astean bitan joaten gara (asteazkena eta ostirala), eta txantxetan aritzen gara asko, klaseak dibertigarriagoak eta entretenigarriagoak izan daitezen.

Bestalde, esan behar dut txapelketa prestatze aldera, Oiartzunera joan naizela azken aldian. Han ere, giroa ezin hobea izaten dugu irakasle eta ikaskideek. Familia-giro polita osatzen dugu.

Zenbat kirolari gazte biltzen zarete Andoaingo klubean?

Gaur egun, Arrate frontoian Kenpo Kai arte martziala 15-20 bat lagunek praktikatzen dugu, helduen klasean. Umeentzako klaseak ere badaude.

Noiz eta zergatik hasi zinen Kenpo Kai praktikatzen?

Gurasoek txikia nintzenean izena eman zuten Kenpo Kai taldean, gitera apuntatu ninduten, kirola egiteko eta defentsa pertsonaleko oinarrizko nozioak eduki nitzan. Oso azkar egin nituen lagunak, eta giro atsegin hori kontuan izanda, oso gustura joan izan naiz beti entrenatzera.

Kenpo Kai arte martziala, besteak beste, oso baliagarria egin zait eguneroko zailtasunei aurre egiteko. Esate baterako, eskolako azterketen aurrean, nire bulkadak edo urduritasun uneak hobeto kontrolatzeko orduan.

Andoaingo gazteak animatuko al zenituzke Kenpo Kai proba zezaten?

Jakina baietz! Ikas dezaketen defentsa pertsonalagatik ez ezik, lehen esan dudan bezala nerbioak edo bulkadak kontrolatzen laguntzen dizulako ere bai. Ezaugarri horiek oso erabilgarriak dira bakoitzaren egunerokotasunerako. Gainera, oso giroa oso izaten da saioetan, eta ziur bikain pasako dutela. Anima daitezela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!