Agintaldi honetan EH Bildu gobernu taldean da eta EAJ-PNV oposizioan. Eta, halere, aurrekontuak onartzeko eta hainbat egiteko bideratzeko adostasuna lortu dute. Bi alderdiek zabaldutako oharrean adierazi dute lehendik datorrela inbertsioetarako kreditua eskatzeko aukera, “udal gerakina eta erakundearen gaitasun ekonomiko erreala ezagututa”.
Gaurko akordioaren arabera, 17,8 milioi euroko mailegua eskatuko dutela iragarri dute. Bereziki hiru egitasmo adierazten dira:
- Allurraldeko Kiroldegia: “Kirol elkarteek eta kirolariek hain beharrezkoa duten Kiroldegiko bigarren pista eta eraikinaren handitu” nahi dute.
- Udal brigadarentzako pabiloi berria: “Langileen lan jarduna burutu ahal izateko”, Illarramendi industrigunean.
- Udal Liburutegi Berriaren proiektua.
Sinadura ekitaldian parte hartu dute Andoni Alvarez Andoaingo alkateak, Marta Lasa EH Bilduko ordezkariak, Imanol Goenaga EAJ-PNVko bozeramaileak, eta Idoia Mikelez EAJ- PNVko ordezkariak.
Aste honetako udalbatzan emango dira mailegua tramitatzen hasteko lehen pauso administratiboak.