Egoitza berria Andoaingo erdigunean, garaiko beharrei egokituta, euskaltzaleen bilgune izango dena. Horixe da "Andoaingo Euskera, Bihotzetik kalera" izena duen ekinaldiaren xedea eta helburu hori lortzera lanean ari dira Bazkuneko zuzendaritza-taldea eta makina bat bazkide.
Berriki, Ane Jalon lehendakariak adierazi duenez, "Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren helburu nagusia Andoainen euskarari leku duin bat eskaintzea da, zentzu guztietan. Andoaingo euskaldun, euskaltzale eta euskara maite duten herritarrei espazio eta aukera berri bat eskaini nahi diegu eta herriratze prozesu horretan, herrian leku estrategiko bat bilatzen ari gara".
Egitasmo estrategikoa bideratzearekin batera, hainbat ekitaldi antolatzen ari dira. Tartean, datorren urriaren 2koa.
Urriaren 2an, Kaimuturrean
Arratsaldean hasita, jateko eta edateko aukera izango da Zumea eta Kale Nagusia elkartzen diren gunean. Eta, gainera, Aiduru musika taldeak girotuko du arratsaldea. Iñaki Gozalo "Wentxi"k (bateria), Esti Mujikak (teklatua), Jon Huizik (baxua), Larraitz Arriolak (ahotsa) eta Axi Aranburuk (gitarra) osatzen dute Aidur¸. Udan, Kale Nagusian, Mikel Laboa, Anari, Ines Osinaga, Gorka Urbizu, Su ta Gar, Itoiz, M-ak eta beste zenbaiten bertsio jo zituzten.
Larramendi Bazkunaren egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, beraz, datorren urriaren 2an.