XX. mendeko Extremadura historia eta tradizioa aberatsetan barrena bidaiatzera gonbidatzen duen "Castua" antzezlana taularatuko du Almor Movimiento konpainiak, irailaren 26an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera doan izango da, baina gonbidapena hartu behar da.
Sara Jimenez aktoreak XX. mendeko Extremadura hartzen du jomugan. Herrialde horren oroimen kolektiboa berreskuratu nahi du, emoziozko interpretazio konprometitu eta sinboliko baten bidez. Antzerki emanaldia Badajozeko Diputazioak, Andoaingo Udalak eta Hogar Extremeño elkarteak elkarlanean sustatu dute.
"Castua" terminoa oso ezaguna egiten zaigu Andoainen. Orain mende erdi, lurralde haietako migratzaile batzuek "Hogar ExtremeÒo," El Miajon de los Castuos" elkartea sortu zuten.
Kastuak beren lurrak lantzen zituzten laborariak bezala aipatzen zituen Luis Chamizo idazleak. Antzezlanak, heziketa, lana eta bizitza duinaren bilaketa ditu ardatz; eta badakigu 1936ko Gerra Zibilak nola zapuztu zuen hori guztia.
Obrari “Kastua” deitzeak lurraren lanaren aldarrikapenarekin du zerikusia. Besteak bezain duina da ogibide hori, baina oso iraindua eta gutxietsia izan da beti. Horregatik, bizibide hori aldarrikatu nahi da, gure arbaso gehien-gehienak horretan jardun izan dutelako, eta gainera, borroka egin zutelako lurraren defentsan.
Bestalde, obrako pertsonaia gehienak emakumeak dira, eta ondo dago gogoraztea haiek ere lurra landu zutela, familiaren ardura hartu zutela, maistrak izan zirela, milizietan aritu zirela borrokan eta errepresio frankista gogorra ere jasan zutela. Horregatik guztiagatik, femeninoa da antzezlanaren izenburua.
Eta zergatia are gehiago fintzeko, esango nuke hiru emakume garela emanaldien biran goazenak. Hirurok gara ikuskizunaren sustatzaile nagusiak; geuk egiten ditugu zeregin guztiak (ekoizlea, aktorea, zuzendaria, antzerkigilea, soinu-teknika...), gizonenak izan direnak neurri handi batean. Eta hemen gaude gu; historian zigortutako herri bateko kide izateaz gain, emakumeak ere bagara!
Obraren deskribapen laburrak dio "Extremadurako historiaren funtsezko pasarteak" gutxitan kontatzen dutenen ahotik (emakumeak, ahaztuak eta erresistenteak) entzuten direla.
Halaxe da. Denok dakigu Extremadurako konkistatzaileen historia, baina nork ezagutzen du nekazarien matxinada? Nork hitz egin du Extremadurako emigranteei buruz? Historia ez da soilik garrantzitsua "lorpen handiak" egiteagatik; behean daudenen historia kontatu behar da, inoiz kontatu ez den historia. “Castua” antzezlanak eragin didan eraldaketarik handiena historiatik borrokarako indarra hartzea izan da. Nekazariek baldintza duinen alde borrokatu zuten, emigratzaileek baldintza duinen alde, eta nik gauza bera egin nahi dut.
Egia esan, Extremadurako herria herri otzana ez dela ezagutzeak eta ulertzeak, "Extremadurako izatearekin" dudan harreman guztia eraldatu didate. Istorio hau sortu dugun artista guztiak hortik gatoz, emakume ahaztu horietatik, erresistente horietatik... eta bada garaia existitu zirela eta existitzen garela esateko.
Extremadurako galtzaileen, baztertuen... Duintasunaren aldarrikapen irmoa du zuena, hortaz.
Bai, eta ahal dela, "gure lurraldean profetak” izanik, eta aintzat hartuak izan gaitezen emigratu beharrik gabe.
Badirudi bere horretan jarraitzen duela Extremadurako belaunaldiak migraziora kondenatzen dituzten politika ofizialak. Esate baterako, azken aldian trenbide-sarearekin dauzkazuen istiluek, injustizia historiko hori bistaratu dute.
Jakina irauten duela, lagun asko kanpoan ditugu, horietako batzuk Frantziako edo Suitzako lurra lantzen..., han jornala Extremaduran baino askoz hobeto ordaintzen delako; eta ez hitz egiteagatik zientzietan edo teknologian aritzen direnen lan-etorkizunaz... Belaunaldi kide asko dira alde egiten dutenak, eta tristura ikaragarria sorrarazten du errealitate horrek.
Horrexegatik, antzezlanak erakundeak interpelatzen ditu, eta aldi berean, herritarrei ere luzatzen die mezua: ez daitezela goiko boteretsuen txotxongilo bilakatu. Errealitatea nolakoa den ikusita, ezkor jartzen naiz batzuetan. Konparazio batera, Extremadura eta bere baliabide naturalak botere erraldoien esku geratzen ari dira, energia berriztagarrien eta bestelako energien egitasmoen zabalkundearekin, Galizan eta beste leku batzuetan gertatzen ari den bezala. Kobrea, beruna eta zinka erauzi nahi dituzten mehatz erraldoien eremu bilakatzen ari da Extremadura, eta osasun publikoa, nekazaritza, abeltzaintza... defendatzeko matxinada bat egin nahiko bagenu –nekazariek 1936an egin zuten bezala–, uste dut ez genukeela jakingo norengana jo.
Euskal Herria, eta zehazki, Andoain, Extremaduratik etorritako migratzaile askoren harrera-lekua izan da joan den mendeko azken hamarkadetan. Ez dakit faktore horrek Basteroren funtzioa bideratzerakoan beste gehigarri bat suposatzen duen zuretzat.
Badakit Extremadurarekin loturarik ez duen jendea etorriko dela, baina ni bereziki hunkitzen nauena antzezlana migratu zuten extremadurarrei erakutsi ahal izatea da. Extremaduratik kanpo lehenbiziko emanaldia izango da, eta horrek ere hunkigarriagoa egiten du antzez-saioa.
Nire aitona Isidrok Barakaldora migratu zuen, eta, obran aipatzen den bezala, "herrimina" zuelako itzuli zen jaioterrira. Gure arbasoek hartu dituzten erabaki guztiei esker gaude gu hemen eta bizirik, eta, gainera, haiei esker berreskuratu eta konta ditzakegu beren historiak, ahazturan ez daitezen galdu. Ni Extremaduran jaio nintzen, baina Euskal Herrian jaio nintekeen; pentsa Andoainen, Euskal Herrian antzezteak niretzat eduki dezakeen esanahi berezia.
Nola erantzun du publikoak antzeztu duzun tokietan?
Publikoa neurri gabe hunkitzen da, eta obrak lortzen du bere helburua, alde horretatik. Lotura sakona sortzen da antzeztokian, eta igartzen dut adinekoei nolako gozamena eragiten dien bizi izan duten historia antzezle batek kontatzeak.
Pertsona askok uste dute hobe dela iragana ahaztea eta aurrera egitea, baina dagoeneko makina bat adineko emakume eta gizon -gerraosteko haurrak- ikusi ditugu negarrez emanaldiaren ondoren eta eskerrak ematen euren istorioa kontatzeagatik. Bestalde, gazteen artean, hainbeste denboraz kendu diguten gure lurraldeko izatearen harrotasuna piztea lortzen du. Pozik nago alde horretatik, izan ere proiektu honi ekin nionetik nire ilusioa baita gazteak ahalduntzea beren familien historiaren bidez, niri gertatu zitzaidan bezala. Ahalduntze hori lagungarri gerta dakieke kontzientzia hartzeko eta jaio diren lekuan beren espazioa bilatzeko. Ez da erraza xedea, baina gazteok eraikitzen dugu historia, eta hobe da iragana ezagutzea etorkizunera begiratzeko gero.
Laburbilduz, uste dut obra lagungarria dela Extremadurako jendeak bere jaiolekuarekin eta sustraiekin konexioa lortu dezan. Extremadurakoak ez diren ikusleak, berriz, nahiko harrituta geratu ohi dira normalean, ezagutzen ez duten Extremadurako historiarekin egiten baitute topo.