More kolorea hartzen ari da Andoaingo kale-izendegia

Jon Ander Ubeda 2025ko ira. 26a, 08:01

Atzodanik, Andoaingo kale-izendegiak gehiago du kolore moretik. Izan ere, oraindik desoreka handia bada ere, azken urteotan emakumezkoen erreferentziak txertatzeko joera areagotzen ari da.

Bart egin da plenoa eta izendegiarii txertatzeko bi proposamen ofizial bilakatu dira: lehena, Leitzaran ibaiaren ondoan dagoen pasealekua Andre Gobadagileen pasealekua izendatzea: bigarrena, Leitzaran ibaiaren gaineko zubia Grazia Garagorri  izendatzea.

Nor zen Grazia Garagorri?

Andoainen gizasemeen bortxakeriaz hil zuten lehenengo emakumea da. Edo behintzat, harena da dokumentatuta dagoen lehen erreferentzia. Azken Leyçaur ikerketa historikoen aldizkarian egiten zaio aipamena gertaera tamalgarri hori. Zehazki, Iosu Etxezarraga Ortuondok egin zuen azterlanean. Izenburua honako hau da: “Urak gainezka egiten duenean. Indarkeria interpertsonala Andoainen antzineko erregimenean. Aipamen zehatza 58. orrialdean egiten da: “Andoainen ezagutzen dugun kasu gogorrena (eta goiztiarrena) 1629ko abenduaren 21ean gertatu zen. Grazia Garagorri bere bizilekuan, Torre etxean, topatu zuten labankadaz eraila. Bere senarrak, Joan Martinez Martitzena, heriotza-zigorra jaso  eta Korrejimenduko Auzitegian apelazioa jarri zuen”.

Andre Gobadagileak

2024an, Berdintasun Oihalak ekimenean, erdigunean izan ziren gobaragileak. Leitzaran ibaiaren ertzean, antzezlanean, Gobaragileak agertu dira errekan behera, ibaiaren ertzean arropa garbitzen zituzten emakumeak gogoan. Haien lana biziberritu zuten, beraz. Orduko hartako kronikan Aiurrik honako hausnarketa jaso zuen: “Zerk batzen ditu emakumeak? Iragan iluna, hainbat eta hainbat lan eta zereginetara kateatuta. Eta zerk batu behar ditu emakumeak, etorkizunean? Hainbat eta hainbat amets askatzaile, denborarekin gauzatu behar direnak. Horri eusten dio, hein handi batean, Aspalditik gatoz eta urrunera goaz zubitik eskegi duten pankarta erraldoiak”.

 

 

Maialen Lujanbioren bertso ezaguna

Maialen Lujanbiok 2009an irabazi zuen Euskal Herriko bertso txapelketa eta, agurreko bertsoaren hasieran, gobadagileak gogoan izan zituen.

Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz
gogoratzen naiz lehengo amonaz,
gaurko amaz ta alabaz.
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz.
Gure bidea ez da errexa
bete legez, juizioz, trabaz…
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz,
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!