Martxan da 4-11 urte bitartekoentzat Udal Ludoteka

Aiurri 2025ko ira. 26a, 10:03

4-11 urte bitarteko haurrentzat zerbitzua eskainiko du Belabi kalean kokatzen den Udal Ludotekak. Udal ordezkariak Ludotekan izan ziren atzo, eta bertan, Hilario Dorronsoro sustapen ekonomikoa, enplegua eta gazteria saileko teknikariaren eta Ludoteka Bakartxo Portuburu Gazte Lokaleko hezitzailearen azalpenak entzun zituzten. Argazkia-sorta eta bideoa, hemen.

Funtzio hezitzailea izango duela Udal Ludotekak adierazi zuten bisita gidatuan, “jolasa ardatz hartuta, haurrek ikasteko eta sozializatzeko aukera izango dute. Horrela, jolas librea, jolas kooperatiboak eta tradizionalak, abestiak, jostailuak, sormen tailerrak eta ipuinak irakurtzea izango dira eskaintzen diren jarduera nagusietako batzuk”. 

Era horretan, ateak itxi ditu Karrika auzoan urtetan martxan izan den Udal Ludotekak.

 

4-11 urte bitartekoentzat

4-11 urteko haurrei (HH4tik LH6ra) zuzenduta dago, eta asteartetik ostiralera eskainiko die zerbitzua, 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz, txandaka izango da, 10:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 19:00etara.

Bi gune izango ditu, txikienena eta handienena, eta honela banatuko dituzte ordutegiak:

* Txikienen gunea: 17:00-18:30: 4 eta 5 urtekoak (HH4 eta HH5). 18:30-20:00: 6 eta 7 urtekoak (LH1 eta LH2).

* Handienen gunea: bi txanda, 17:00-18:30 eta 18:30-20:00: 8-11 urtekoak (LH3tik LH6ra).

 

Matrikulatzeko epea

Matrikulazio epea irailaren 30etik urriaren 10era bitartean izango da, eta izen-ematea ludotekan bertan egin ahal izango da, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

Epe horretan, familiek aukera izango dute ludoteka bertatik bertara ezagutzeko. Horretarako, aurrez, Udalak jarri duen QR bidez bisita eskatu beharko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!