[In Memoriam]

Joxe Manuel Erkizia Uria zendu da

Jon Ander Ubeda 2025ko ira. 28a, 10:19

102 urterekin hil da andoaindar eta kaletxikitar ezaguna. Abertzale, pilotazale eta mus jokalari amorratua zen. Astelehen honetan izango da haren aldeko hileta-elizkizuna, San Martin elizan, 18:30ean hasita.

Badira arrasto sakona uzten duten pertsonak eta horietakoa da Joxe Manuel Erkizia. Aski maitea zen Andoainen eta, bereziki, Kaletxiki auzoan eta Ontza elkartean. Azken hilabeteak eman ditu pattal antzera, baina gainerakoan, egunero ikus genezakeen auzoan eta plaza inguruan.

Lehendakari guztiak ezagutu zituela zioen maiz, esan nahi baita, Jose Antonio Agirre lehendakaria ere gertutik ezagutu baitzuen. 102 urtetan abertzaletasunari eutsi zion tinko eta EAJ-PNVko afiliatu modura protagonismo handia lortu zuen. Bereziki, iaz, Alderdi Egunean oholtza gainera igo baitzen Pradales lehendakariarekin batera. Gaur ospatzekoa da Alderdi Egunaren edizio berria eta, ziur, jeltzaleek gogoan izango dutela.

Dagoeneko, Andoaingo EAJ-PNVk eman du heriotzaren berri:

 

Iazko Alderdi Eguneko protagonista izan zen

Kaletxiki, Ontza elkartea

2023an ehun urte bete ziruen eta Ontza elkarteak merezitako omenaldia egin zion. Hauexek, omenaldia egiteko arrazoiak, orduko zuzendaritzaren hitzetan: “Andoaindar eta kaletxikitar petoa, ehiztari amorratu eta muslari sutsua, kirolaria eta lagun handia izateaz gain, hurbileko eta lagun giroko pertsona da Joxe Manuel Erkizia eta horregatik, egin nahi diogu eskertza ekitalditxo hau”.

Afariaren ostean, elkartean bilduak ziren kide guztiek, zutik jarri, Aitor Mendiluze bertsolariak osatu dituen bi bertso abestu zizkioten. Hona zer dioten bi bertsoek:

Joxe Manuel, ehun urte
ez da bide motza.
Kaletxikiko pieza
ehiztari zorrotza.
Euskal Herriak bete
dizula bihotza,
Eskertzeko egin nahi
dizugu aitortza.
Zu bertan izateaz
harro dago Ontza

Bizitzari enbido,
ezinari paso,
pare ederrak eta
jokoan eraso.
Dena ez zen gozoa
izango akaso,
baina zure elkarte
eta zure auzo,
bihotzez gu guztion
zorionak jaso.

Pilotazale amorratua, Barrenetxea IVren jarraitzaile sutsua

Opari gehiago jaso zituen Erkiziak, Ontza elkarteko omenaldian. Jakinda Erkizia esku pilotari trebea izan zela gaztetan, pilotazale amorratua betidanik, aspaldiko urtetan ez zuen hutsik egiten Galarretako erremonteko pilota partidetan eta bertan aritzen den Barrenetxea IV pilotaria zuen kuttunena. Bi opari berezi-bereziak jaso zituen orduko hartan: Barrenetxea IVren elastikoa eta erabilitako saskia. 

Joxe Manuel Erkizia, Miren eta Joseba seme-alabarekin, eta Beñat bilobarekin, eskutan Barrenetxearen elastikoa eta saskia dituela. 

Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatu zen, ekainean, Gernikan, Euskal Selekzioaren partaidetzarekin. Bertan izan zen, ikusleen artean, gonbidatu berezia: Jose Manuel Erkizia 102 urteko andoaindarra. 

Aitor Esteban EAJko lehendakariarekin, besotik helduta, sartu zen frontoira.

Soldadutzan ere pilotan aritu zela gogoan hartu zuen Ahotsak egitasmoan. Garai hartan 28 hilabetekoa zen soldaduta eta pilotan aritzea izan zen bere zeregina. Halaxe azaldu zuen 2010eko bideoan:

Kontsejupeko txapelketaren jarraitzaile fidela

San Juan jaien bueltan jokatzen den Kontsejupekoaz gozatzeko ohitura zuen Jose Manuelek.

2019ko edizioa.

2022ko edizioa.

Atzoko Andoain eta Andoaindarrak

Iragan kontuak bildu zituen "Atzoko Andoain eta andoaindarrak" argitalpeneko protagonistatakoa izan zen. XX. mendearen lekukotza aparta da Larramendi Bazkunak argitara eman eta Jone Larrañaga kazetariak zuzendu zuena.

Honatx, iraganeko Andoain biziberritzen lagundu zuen herritar taldea:

  • Jose Manuel Erkizia Urla
  • Miren Zarraga Pagola
  • Joxe Eizmendi Jauregi
  • Bixente Olano Otegi
  • Loren Navarro Hombrados
  • Josepa Ormaetxea Mujika
  • Mikela Ansa Goenaga
  • M.Esther Arrieta Lizarribar
  • Iñakí Arregi Moraza
  • Jose Mari Olazabal Iñurrita
  • Imanol Egibar Juanena
  • Jose Mari Amutxastegi Aranzabal
  • Roke Ansa Goenaga
  • Migel Amas Egibar
  • Bixente Huizi Zuñiga
  • Patxi Irizar Zarautz

Mus jokalari bikaina, zaletu peto-petoa

Ekainean, Ontza elkartean, XLIX. Mus Txapelketa-Joxe Mari Erkizia memoriala jokatu zen. Rafak eta Jose Luisek jantzi dute txapela, finalean Berrobi II eta Mujika garaituta. Bertan izan zen, nola ez, Erkizia.

2025eko ekainean ateratako argazkia, sari-banaketa ekitaldian.

2016an, Joseba eta Beñatekin batera, Ontza elkartearen 75. urteurreneko ospakizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!