Rikardo Arregi eta Gabriel Aresti

Aiurri 2025ko ira. 29a, 13:07

Gauza jakina da 1960ko hamarkadak, Frankismoaren azken urteen hasieran, pizkunde modukoa ekarri zuela euskal kulturaren esparrura eta, bereziki, euskalgintzara

Horren adibide nabarmen aipatu ohi da lehenengo Ikastolen sorrera eta apurka-apurkako zabalkundea Euskal Herri osoan barrena. Pizkunde horretan, baina, izan zen landutako alor gehiago: kazetaritza –paperezkoa eta irratigintza–, euskalduntze-alfabetatzea, kantagintza, literatura… euskara batuaren hil ala biziko auzia…

Pizkunde hark hainbat protagonista izan zuen, horietako bi aitzindari gisa erruz nabarmendu ziren: Gabriel Aresti eta Rikardo Arregi. Bilbotarra, lehena, andoaindarra, bigarrena, Euskaltzaindian ezagutu zuten elkar, Rikardo erakundera iritsi berritan euskalduntze-alfabetatzearen ekinaldiari buruzko proposamena egin eta hura aitzinarazteko. Ordurako Arestik ordu asko emanda zuen akademiaren lanetan eta izen handiko literatur sortzailea genuen, bere olerkigintza sozial eta kritikoagatik aski ezaguna ordurako.

Beraien artean 9 urteko aldea izan arren intelektualki adinkide ziruditen. Hasiera-hasieratik oso ondo konpondu ziren elkarrekin, elkarri begirune eta estimu handia zioten. Izaeraz eta aiurriz bazuten antzik, berritzaile eta ekintzaileak ziren, aldarrikatzaile, euskal kultura, euskal gizartea, euskara bera parametro modernoetara ekarri nahi zituzten. Euskararen gerrilleroa deitu zion Gabriel Arestik Rikardori bere heriotzaren orduan eskainitako olerki batean. Hala deitu zion Usurbilen, Udarregi bertsolariaren omenaldian Rikardok egindako hitzaldi sutsuagatik. Hantxe zen ere Gabriel Aresti eta Andoaingo gazte hark harrituta utzi zuen bere indarragatik, bere nortasun handia eta ekiteko sendotasunagatik.

Euskal kulturgintza berritzailea suspertzearen lan horietan beste batzuekin batera –Saizarbitoria, Sarasola…– buru-belarri ziharduela, Lur argitaletxea sortzeko proposamena egin zuten eta egitasmoa abiarazteko Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratzea erabaki. Arestik Harri eta herri obraren erreprodukzio eskubideak musutruk eman zizkien arren, Gabrieli eskuzabaltasun hura nolabait ordaindu nahi izan zioten Eibarko enpresari batek oparituriko  Seat 850 ibilgailu baten bidez. 1969ko uztailaren 10ean bilera zuten Bilbon, Euskaltzaindian, eta bertan elkartzekoak ziren, besteak beste, Aresti eta Arregi. Bilera hori baliatu zuten Rikardo Arregik eta Ramon Saizarbitoriak 850 hartu eta Bilbora eramateko. Bidean, ordea, istripua izan zuten Mendaron eta, jakina denez, bertan hil zen Rikardo…

Rikardo Arregiren hileta elizkizunetik astebetera, Andoaingo San Martin elizan omenaldi ospakizun berezia egin zen Rikardoren alde. Bertan, Gabriel Arestik Rikardo Arregiren heriotzagatik "Auhenaren sentimendua" izenburuko olerkiaren eskaintza egin zion Rikardo Arregiri.  Omenaldi haren audioa gorderik dago gaur egun: Ariane Kamio Andoaingo kazetariaren erreportajean entzungai dago, Naiz.eus webgunean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!